Pearson, Karl
Ingeles matematikari eta estatistikaria (Londres, 1857 - Londres, 1936). Estatistika modernoaren sortzaileetako bat izan zen. Matematika eta estatistika metodoak biologian baliatzen saiatu zen. Matematika aplikatu eta mekanika irakaslea izan zen Londresko University College ikastetxean. 1892an, The Grammar of Science (Jakintzaren gramatika), jakintzaren filosofiaren obra klasikoa argitaratu zuen. 1893 eta 1912 bitartean Mathematical Contributions to the Theory of Evolution (Bilakaeraren teoriari matematikaren ekarriak) liburuan haren 18 lan nagusiak bildu zituen. 1902an, estatistikari buruzko Biometrika aldizkariaren sortzaile izan zen (Galton eta Weldonekin batera) eta hango editore izan zen 1936 arte. 1907. urtean Francis Galton laborategiaren zuzendaritza hartu zuen, eta bertan antropometrian emaitza estatistikoak lantzeko metodo matematikoa eta grafikoa asmatu zuen, metodo biometriko deitua.