Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peano, Giuseppe

Italiar matematikaria (Cuneo, 1858 - Turin, 1932). Irakaslea izan zen Turingo unibertsitatean eta Akademia Militarrean. Rivista di mathematica aldizkaria sortu zuen. Logika eta matematikazko printzipioak adierazteko zeinu sistema bat asmatu zuen. Formulario mathematico (1894-1908) bost liburuz osaturiko obran besteak beste aritmetika, geometria, multzoen teoria, kalkulu infinitesimala eta bektore-kalkulua azaldu zituen. Calcolo differenziale e principi de calcolo integrale (1884, Kalkulu diferentzialaren eta kalkulu integralaren printzipioak) eta Lezioni di analisi infinitesimale (1893, Analisi infinitesimalaren gainean ikasgaiak) bere obrak, Cauchy frantses matematikariaren lanarekin batera, funtzioei buruzko teoria orokorraren obra nagusitzat hartzen dira. Aipagarriak dira halaber geometriari buruz idatzi zuen Applicazioni geometriche del calcolo infinitesimale (1887, Kalkulu infinitesimalaren aplikazioak geometrian) eta matematika logikari buruz idatzi zuen Calcolo geometrico (1888, Geometria kalkulua). Nazioarteko hizkuntza bat sortzen saiatu zen halaber, hasieran Latino sine flexione eta gerora Interlingua izena hartu zuena. Latinaren, frantsesaren, alemanaren eta ingelesaren hitzez osaturiko hiztegia eta gramatika soila zuen hizkuntza zen.