Paulme, Denise
Frantses antropologoa eta legelaria (Paris, 1909). Parisen zuzenbide ikasketak egiten ari zen bitartean antropologiarekiko interesa piztu zitzaion. Marcel Mauss antropologo handia izan zuen irakasle, Unibertsitateko Etnologia Institutuan. 1932an Zuzenbide eta Etnologia tituluak, biak lortu zituen. 1935. urtetik aurrera zenbait espediziotan parte hartu zuen, Afrikan. Saharako Sudanen izan zen, Marcel Griauleren gidaritzapean, eta beste behin, egungo Malin, Debora Lifchitz antropologoarekin batera. Aurrerago, bere senar A. Schaeffnerrekin batera, beste espedizio askotan parte hartu zuen. Bien bitartean, Historia Naturaleko Museo Nazionalean eta École Pratique des Hautes Étudesen lan egin zuen, eta afrikar gaietarako ikerkuntza zentro bat zabaldu eta Cahiers d´Études Africaines aldizkaria sortu zuen. Denise Paulmeren xede nagusiak, baina, ez zuen sekula alboratu afrikar herrien zuzenbide tradizionala eta antolakuntza soziopolitikoaren azterketa. Bere lanen artean aipagarriak dira, besteak beste: Organisation sociale des Dogon de Sanga (1940, Sanga-ko dogonen gizarte antolakuntza); Les Civilisations africaines (1953, Afrikar zibilizazioak); Les gens du riz: Kissi de Haute-Guinée française (1954, Arrozaren herria: Frantses Ginea Garaiko kissiak); Une societé de Côte-d'Ivoire, hier et aujourd'hui: les Bété (1962, Boli kostako gizarte bat, atzo eta gaur: bete herria); Les Sculptures de l'Afrique Noire (1956, Afrika beltzeko eskulturak). Halaber, Afrikako literatura tradizionala eta errituak aztertu zituen beste liburu batzuetan: La Mère dévorante: Essai sur la morphologie des contes africaines (1976, Ama irenslea: afrikar ipuinen morfologiari buruzko saiakerak); La Statue du commandeur. Essais d'Ethnologie (1984, Komendadorearen estatua: etnologiako saiakerak). Emakumearen funtzio soziala eta klase eta adin taldeak ere sakonki aztertu zituen: Femmes d'Afrique noire (1960, Afrika beltzeko emakumeak); Classes et associations d'âge en Afrique de l'Ouest (1971, Klase eta adin taldeak Mendebaldeko Afrikan).