patata
iz. Landare urterokoa, hosto-zatitua, lore zuri edo moreak ematen dituena. ◊ Landare horren lurpeko zurtoinetako sustrai mamitsua, janari gisa oso erabilia (Solanum tuberosum). || Patata(-)koko. ik. patata zomorro. v Lurpeko zurtoinez gainera agerikoak ere izaten ditu patatak; mordoan hazten dira hauek eta 50 cm inguru luze egiten dira. Hostoak arrautza egiturakoak eta banakako gingilez osatuak ditu, kolorez berde ilunak; lorea, berriz, zuria edo morea izan dezake, eta zurtoinen puntetan kokatua. Biribila, mamitsua eta hazi askokoa izaten du fruitua, kolorez berde argia edo horixka. Lurpeko zurtoinetan eratzen duen alea da jateko ona den bakarra. Gainerako zati guztietan solanina izeneko alkaloidea baitu. Lantzen diren patata guztiak Solanum tuberosum motakoak dira; mota horrek, ordea, aldaera asko ditu. Aldaera horiek alearen itxuraren edo kolorearen arabera sailka daitezke; ale hori formaz biribila, arrautza itxurakoa edo luzarana, eta ale horren azala eta mamia zuriak, horixkak, gorrixkak izan daitezke. Sailka daitezke, bestalde, duten aleari ematen zaion erabileraren arabera, batzuek gizonaren elikagaitarako erabiltzen baitira, eta besteak berriz ganaduen bazkatarako. Jateaz aparte edari biziak egiteko ere erabiltzen da. Patata Txileko hegoaldekoa da berez. Ande mendien inguruetako lurraldeetan zabaldua zegoen Kolon Ameriketara iristerako, eta indiarren artean oso erabilia zen janari gisa. Europan espainiarrek zabaldu zuten, XVI. mendean, aurrena Espainian bertan eta gero beste lurraldeetan. Baina ez bakarrik Europan, Hego Ameriketako iparraldean eta Ipar Ameriketako hegoaldean ere zabaldu zen espainiarrak hara iritsi ondoren. Digeritzen oso erraza da patata, eta gizonak bizitzeko behar dituen elikagai asko ditu: C bitamina, aminoazidoak, proteinak eta tiamina, besteak beste. Gaur egun, esaterako, mundu guztian hedatua dago, eta munduan gehiena lantzen den barazkia da. Munduan ekoizten den patataren % 70 Europako eta Sobietar Batasuna zeneko lurraldeetan ekoizten da; Afrikan eta Asian, berriz, Japonian izan ezik, oso gutxi. Patatari eritasunak eragiten dizkion birus eta bizkarroi gisa hartzen duten zomorro asko dira. Hauetan ezagunena patata-zomorroa da.