Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Patagonia

Hego Ameriketako lurraldea, Argentinako eta Txileko hegoaldean. Mugak: iparraldetik, Argentinako Colorado ibaia eta Txileko Aintziren eskualdea (Ande mendiak amaitzen diren lekuan); hegoaldetik, Magallanes itsasartea, Tierra de Fuego lurraldetik banatzen duena. Patagoniako mendikatea iparraldetik hegoaldeko muturreraino hedatzen da eta bi partetan banatzen du lurraldea: mendebalean, Txileko alde estu menditsua dago, Ozeano Barearen kostalderaino hedatzen dena; ekialdean, berriz, Argentinako eremu zabala dago, mendikatetik Ozeano Atlantikoaren kostalderaino hedatzen dena. Patagoniako mendiek 2.000 metroko garaiera dute batez beste, eta hegoaldean (48° hego latitudetik behera) izotz eremu eta hormategi handiak daude; klima hotza eta hezea da. Ozeano Bareko itsasertzak sartu-irten ugari ditu, eta fiordoz eta uharte txikiz beteta dago. Argentinako Patagonia laua da; oso ugariak dira goi-ordoki zabalak eta mendiak txikiak dira (1.000 metroko goitasuna, batez beste). Haran eta ibai ugari daude eta horiek ekialdetik mendebalera ebakitzen dituzte goi ordokiak. Goi ordokietan estepako zuhaixka motak hazten dira, batez ere, eta hegoaldean sabanako belardia da nagusi. Klima hotza eta idorra da. Arrantza eta, batez ere, artzaintza (artilea) dira ekonomia jarduera nagusiak, baina petrolioa eta gas naturala ere ateratzen dira. Herriak oso sakabanatuak daude barrualdean; herri handienak eta hiriak kostaldean daude.  v Historia. Espainiarrak iritsi baino lehen tehueltxe eta gemake indiar herriak bizi ziren. Magallanes 1520an iritsi zen Patagoniako kostaldera. XVI. mendean ahalegin bat baino gehiago egin zen Patagonia konkistatzeko, baina guztiek huts egin zuten. XVII. mendean jesuitak sartu ziren, lurralde hura kristatutzera, baina Jesuitak Espainiatik kanpo egotzi zituztenean (1767), Patagonian haiek eraiki zituzten egiturak ere galdu ziren. XVIII. mendearen bukaeran Karlos III.ak kolonoak bidali zituen, eta lehen herriak eraiki ziren. Mende hartan bertan balea arrantzak garrantzi handia hartu zuen eta lantegiak eraiki ziren balearen gaiak lantzeko. Nolanahi ere, Patagonia ez zen guztiz kolonizatu 1879. urtea arte; urte hartan Argentinako Gerrako ministroak, J.A. Rocak bertako indiar ibiltariak menderatu eta suntsitu egin baitzituen. Handik aurrera, Patagonia Argentinako lurraldea izan zen eta kolono berriak, horien artean galestar asko, sartu ziren.