Pastori, Luis
Venezuelar kazetari, politikari eta ekonomista (La Victoria, Aragua, 1921). Ekonomia zientzietako ikasketak egin zituen Venezuelako Unibertsitate Zentralean. Ordurako literatura lan batzuk egina zen: berak sortu eta gidatzen zuen Compañía Espaguetti-rentzat antzerki lanak moldatu eta egokitu zituen, besteak beste. Hala, ekonomia ikasketak egiten aritu zen bitartean, Venezuelako Banketxe Nagusian hasi zen lanean (banketxeko lehendakariorde izatera iritsi zen), eta poesia lantzen hasi zen. 1942an argitaratu zuen bere lehen lana, poesia bilduma bat, arrakasta handikoa: 15 poemas para una mujer que tiene 15 nombres (15 poema 15 izen dituen emakume batentzat). Zenbait sari irabazteak adoreturik, beste bertso bilduma bat argitaratu zuen 1945ean: Poemas del olvido (Ahanzturaren poemak). Handik aurrera urterik urte argitaratu zuen poema bildumaren bat: Las canciones de Beatriz (1947, Beatrizen abestiak); País del humo (1948, Kearen herria); Herreros de mi sangre (1949, Nire odolaren errementariak); Toros, santos y flores (1950, Zezenak, santuak eta loreak); Tallo sin muerte (1950, Zurtoin heriotza gabea); Palabras de otros años (1950, Beste urteetako hitzak); Aire de soledad (1959, Bakardade haizea); Elegía sin fin (1962, Amaierarik gabeko elegia); Trompos y testimonios (1964, Zibak eta lekukotasunak); Definitivamente enamorado: Poemas (1965, Betiko maitemindua); Trofeos de casa (1969, Etxeko trofeoak). 1968an Venezuelako Hizkuntza Akademiako kide hautatu zuten, eta Akademiako zuzendaria izatera iritsi zen. Bestalde, garrantzi handiko karguak bete zituen administrazio publikoan; Kulturako ministroa izatera iritsi zen Luis Herrera Campins (1979-1983) lehendakariaren agintaldian. Ekonomista gisa, Venezuelako Banketxe Nagusiko zuzendariorde izateaz gainera, Revista de Economía Latinoamericana aldizkari ospetsuaren zuzendaria izan zen.