pastoral
iz. Zuberoako herri antzerkia, kanpoan, herriko plazan, hartarako nahita jarrita dagoen antzeztoki edo triate baten gainean ematen dena. Duela gutxi arte, edo herriko gizonezkoek bakarrik, edo, gutxiagotan, herriko emakumezkoek bakarrik antzezten zuten, baina azken urte hauetan gizon-emakumeek parte hartu izan dute haietan. Antzerki emanaldia, berez, süjet edo pertsonaia nagusi baten bizian oinarritzen da eta gaiztoen eta onen arteko borroka baten arabera egituratua da. Antzeztokiaren atzean bi ate ageri dira. Bata, ikusleen ezkerreko aldean jarria dena, onen edo khirixtien alderdiko pertsonaiena da, eta kolore urdina dagokio. Beste atea, ikusleen eskuineko aldean dena, gaizto edo türken alderdiarena da, eta kolore gorria dagokio; horren gainean deabru irudia duen zurezko panpina bat izan ohi da. Antzeztokiaren gibelean eraikitako etxola moduko aterpe batean, musikariak egoten dira. Antzerkia bera hasi baino lehenago, munstra batean, antzezleak eta musikariak herrian zehar ibiltzen dira. Antzezleak agertokira heltzen direlarik hasten da antzerkia bera. Antzezle batek esaten duen lehen pheredikia izaten da lehenik; hartan antzerkiaren gaia aurkezten da, eta haren laburpena egiten. Bukaeran, molde bertsuan azken pheredikia izaten da. Joan den mendean egun guztia irauten zuen ikuskariak, baina gaur egun hiruzpalau ordutan eman ohi da. Pertsonaiak bertset deitzen diren bertsoetan mintzatzen dira, eta haien mugimendu eta joan-etorriak aurretik finkatuak daude. Errejent izeneko antzerki zuzendari batek manatzen ditu jokalarien eta musikarien lanak. Mintzamoldea ere aitzinetik finkatua da, eta pertsonaia guztientzat beti bera da; erdi kantatua dela esan daiteke. Antzerkiko pertsonaiez gainera, deabruak eta aingeruak ere agertzen dira pastoraletan, eta azken urte hauetako pastoral gehienetan, artzaina ere bere zakur, asto eta ardiekin. v Historia. Zuberoako herri teatroan maskaradak eta pastoralak (edo trajeriak) bereizten dira. Haiez gainera, halere, izan dira lehenago, antzezmoduaren aldetik pastoralen antz zerbait zuten baina irri eginarazteko eginak ziren iauteriako fartsak (Bacchus, Pansart), eta xaribari gaietako fartsa laburragoak (Kaniko eta Beltxitine, Xiberua eta Martzeline,…). Hauek, ordea, aspaldi honetan ez dira antzezten, eta ez dute segidarik izan. Ikertzaile gehienen arabera pastoralak Erdi Aroko Europako misterioen urruneko hondarrak dira, ziurrenik ere, zeharka, Frantziako nekazari antzerkiaren bidez Zuberoara helduak. Ez dirudi Zuberoatik kanpo antzerki mota horrek sekula errorik egin duen Euskal Herrian, eta ez da argi noiz hasi zen Zuberoan. Lekukotasun segur bakarrak eta eskuizkribu zaharrenak XVIII. mendekoak dira. Oihenartek, 1665ean frantsesez egindako idazlan batean, Jean de Etchegaray izeneko pastoral idazle bat bat aipatzen du. Apaiza omen zen, eta Artzain gorria bertsotan egindako pastorala idatzi omen zuen, Donibane garazin XVI. mendearen erdialdean eman izan zena. Ez da batere segur, ordea, Oihenartek pastoral hitza erabiltzen zuelarik, Zuberoako pastoralak bezalako antzerkiak gogoan zituela, frantsesez pastorale hitza asko moldetara erabilia izan baita letra gaietan XVI. eta XVII. mendean. Berdin gertatzen da Saint Jacques-en pastoralaren eskuizkribu batekin. Hartan 1634. urtea irakurtzen dute zenbaitek, baina beste batzuek dudatan ematen dute irakurketa hori, eskuizkribua XIX. mendekoa izanik, haren bukaeran ageri den zenbakia ere kopistak pastorala jokarazi zuen urteari dagokiola, eta egiatan 1834 dela, baitiote. Gauzak horrela daudelarik, eztabaidak badira oraindik, Zuberoako pastoralak noiz hasi ziren finkatzerakoan. Batzuek türk deiturak gogora ekarrarazten dituen historiako garaiak kontuan edukiz, mendebaleko Europa oraino turkiarren beldur zen denbora, alegia, XVI. mendea bederen, aipatzen dute; beste batzuek, aldiz, dokumentu seguretan bakarrik fidatu nahiz XVIII. mendean gelditzen dira, edo hortik ez gehiegi urruntzen. G. Hérelle ikertzaileak egin zituen XX. mendearen hasieran pastoralei buruzko azterketa sakonak, eta hari esker aski ongi ezagutzen da nola ematen ziren duela ehun urte pastoralak. Nahiz eskuizkribu askotxo gelditu den (berrogeita hamar obra baino gehiagori dagozkionak), pastoral testu gutxi argitaratu da osorik orain arte (Saint Julien d’Antioche joan den mendean, Charlemagne 1991n, eta zenbait fartsa). Pastoral zahar gehienek gai erlijiozkoa zuten, eta Bibliako pertsonaietan edo santuen tradizioan oinarritzen ziren (Abraham, Moise, Saint Jacques, Hélene de Constantinople, Sainte Marguerite). Beste sail bat osatzen zuten zaldun kantuak edo pertsonaia historiko fama handiko batzuk aipatzen zituzten pastoralek (Aymonen laur semiak, Robert le Diable, Clovis, Roland, Napoleon…). Azken gerraren ondoren, Etxahun Irurik (Pierre Bordazaharre) berpiztu zituen pastoralak, bederatzi pastoral berri idatzi eta emanarazi zituelarik. Honi esker, era askotako aldakuntzak gertaturik ere, tradizioarekin egiazki hautsi gabe bizirik segitzen du Zuberoako herri antzerki mota berezi horrek, eta idazle berriek obra berriak idazten dituzte. v Pastoral berriek, zaharrekin erkatuz, dituzten bereizgarri nagusien artean hauek aipa daitezke: egilea badute, testua aurreko garaietan ez bezala zaintzen duena (lehen ez zen egilearen noziorik ere, eta testuak ez ziren lantzen; errejentak eta jokalariek nahi bezala alda zitzaketen); bertsetak neurtuak dira (lehen neurri librekoak ziren, eta horrela ontzen zituen oraino Etxahun Irurik); oraingo antzerkiak askoz laburragoak dira, arratsalde batean emateko modukoak (lehen egun guztia irauten zuten); jokalariak gizonak eta emazteak dira (1980 arte, edo denak emakumeak, edo denak gizonak ziren arizaleak, lehen esan bezala; Etxahunek idatzitako Ximena (1979) izan da neskatilek soilik jokatu duten azken pastorala; lehenago ez bezala gaiak maizenik Euskal Herriko pertsonaietan oinarritzen dira pastoral berrietan; adibidez, Etxahunen bederatzi pastoraletarik zortzik euskal gaia dute: Etxahun koblakari (1953), Matalaz (1955), Berterretch (1958), Antso Azkarra (1963), Le Comte de Tréville (1966), Chiquito de Cambo (1967), Pette Beretter (1973). Gauza bera esan daiteke azken urteetan beste idazleek idatziriko pastoral jokatuez; adibidez, besteren artean, Pette Basabürü (1982), Santa Kruz (1992, Junes Casenave), A. d’Oihenart (1985, Arnaud Aguergaray), Abadia Urrüstoi (1986an argitara emana, Jean Louis Davant), Harizpe (1992, P. P. Berçaits), Xalbador (1991, Roger Idiart). Lehenagoko pastoral ontzaileek, aitzitik, erdarazko herri literaturatik ateratzen zituzten pastoral gaiak, eta horregatik frantsesezko deitura batez aurkeztu ohi zituzten beren obretako pertsonaiak.