Paskoal IIa (Rainiero)
158. Aita Santua 1099-1118 urteetan (Bieda, Ravena, 1050 - Erroma, 1118). Fraide beneditarra izan zen. Gregorio VII.ak kardinal eta San Klementeko abade izendatu zuen (1080). Antipapa batzuei aurre egin behar izan zien: Teodoriko (1100), Alberto (1102), Silbestre IV.a (1105). Henrike IV.a enperadorea eskumikatu zuen. 1110ean Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore zen Henrike V.ak Italia inbaditu zuen, eta Inbestiduren arazoan aita santuek zuten jokabidea aldatzera behartu zuen Paskoal aita santua; geroago Paskoal II.ak uko egin zion aldaketa horri.