Papin, Denis
Frantses fisikaria eta asmatzailea (Chitenay, Blois-etik gertu, 1647 - Londres, 1714). Lurrunaren indar elastikoa aurkitu zuen. Parisen Christiaan Huygens-en laguntzaile gisa lan egin ondoren, 1675. urtean Ingalaterrara joan zen Robert Boyle fisikariarekin lan egitera. 1679. urtean marmita asmatu zuen, segurtasun balbula batez osatua. 1687. urtean Kassel-era (Alemania) jo zuen eta han lurrun makina bat asmatu zuen. 1707. urtean lurrunez ibiltzen zen lehen itsasontzia egin zuen. Ingalaterrara itzuli ondoren, beste ikerketak egin bazituen ere, bere ekonomia baliabideak gutxituz joan zitzaizkion eta, jendeak erabat ahazturik, guztiz txiroturik hil zen.