Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

panteismo

iz. Jainkoaren eta munduaren arteko batasunaren aldeko doktrina.  v Panteismoaren sorburua eta hatsapenak. Panteismo hitza John Toland irlandar filosofoak erabili zuen lehenengo aldiz XVIII. mendearen hasieran; baina hitz horrek biltzen duen esanahiak antzinako Greziako filosofian eta ekialdeko erlijio filosofia zaharretan du sorburua. Jainkoa eta mundua bateratzean, zenbait filosofiatan bata edo bestea –Jainkoa edo mundua– bestearen baitan desagertaraztera jotzen da. Hala, zein testuingurutan gertatzen den bateratze hori: Jainkoa jarri ohi da nagusi, dena da Jainko eta mundua jainkoaren baitan dago; hala gertatzen da ekialdeko zenbait erlijiotan, edota mundua jartzen da nagusi: dena da mundu eta mundua baizik ez da, munduak sortzen baitu izpiritua; hala gertatzen da naturalismo panteistan, adibidez. Ekialdeko panteismoak, Indiakoak bereziki, erlijio izaera du oinarrian; horren arabera, izadi guztia jainkoaren arnasa da eta, beraz, izadia oro jainkotasunaren gorputz edo adierazpide gisa hartu behar da. Vedek jainkoaren irudia itsaso zabalarekin parekatzen dute, eta izaki banakoak uhinak baino ez dira itsaso zabal horretan. Greziako eta mendebaleko filosofiak, bere aldetik, Jainkoa –orotasuna, infinitua– ez dela guztia baieztatu du eta finitua, mugatua, badela eta uler daitekeela mundu absolututik aparte. Greziako estoikoek jainkoa munduaren arima zela uste zuten. Neoplatonismoaren arabera, mundua jainkoaren orotasunetik sortua zen eta, beraz, ezin bereizi dira bata eta bestea, mundua jainkoaren gauzatzea denez. Horren harira, Spinozak Jainkoa gai bakarra dela uste zuen, infinitua dela halabeharrez, eta munduko izakiak haren modu mugatuak besterik ez direla. Hegelek, berriz, Jainkoa Izpiritu Absolutuarekin batzen du. Dena dela, panteismoaren adar edo sistema guztiak bat datoz gauza batean, alegia, ez dutela bereizketarik egiten Jainkoaren (edo izpirituaren) eta munduaren artean. Hori dela eta, oro har, kristau teologoek arbuiatu egin dute panteismoa, Sortzailearen eta hark sortutako izakien arteko bereizketa ezabatzen duelako.