Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pamir

Asiako erdialdeko mendialdea, Sobietar Batasun ohiko Tadzhikistan errepublikako Gorno-Badakhshan probintzian dagoena. 8.400 km2 inguru hartzen ditu, eta 4.000-5.000 metroko goi-ordokiek osatua da. Iparraldean Trans-Altai mendiak daude; gailurrik garaiena Komunismo (7.495 m) da, hormategiz estalia; ekialdean, Sarykol mendikatea dago, Txinaren eta Sobietar Batasun ohiaren arteko mugan; hegoaldean, Zorkul aintzira, Pamir ibaia eta Pyandzh ibaiaren sorburua, Afganistango mugan; eta mendebalean, Pyandzh haraneko alderdi bat. Pamir mendialdeko klima lehorra eta kontinentala da, euri eta elur gutxi egiten du eta tenperatura aldaketa handiak izaten dira. Oso jende gutxi bizi da Pamir mendialdean; lanbide nagusiak nekazaritza eta artzaintza dira. Industria jarduera nagusia argindar etxe txiki batzuk dira. Bestalde, antimonio, merkurio eta zilar meak daude mendebalean, eta gatzagak eta lignito meak ekialdean.