Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pampa

Argentinako erdialdeko eta ekialdeko ordoki handia. 760.000 km2. Mugak: Chaco iparraldean, Patagonia (Colorado ibaiaren inguruak) hegoaldean, Parana eta Rio de la Plata ekialdean eta Ande mendiak mendebalean. Bi Pampa bereizten dira: ekialdeko Pampa edo hezea, eta Mendebaleko Pampa edo lehorra. Buenos Airesko hego-mendebalean dago ekialdeko Pampa; oso lohitsua da eta klima epela du. Nekazaritza (garia, artoa, alfalfa, olioa, patata, fruituak) eta abere hazkuntza (ardi-azienda, behi-azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Laboreak eta haragia esportatzen ditu, eta itsasbide eta burdinbide sare garrantzitsuak ditu. Mendebaleko Pampak mendebala eta hegoaldea hartzen du. Oso klima lehorra du eta sasi ugari dago.  v Historia. XVI. mendearen lehenengo erdialdean iritsi ziren espainiarrak lurralde honetara. Tribu nomadak bizi ziren han eta ehizean jarduten zuten, nagusiki. Kitxuak, antigoiak, pehueltxeak, manzaneroak eta tehueltxeak ziren talderik garrantzitsuenak. Sebastian Cabotoren espediziokoak ziren Pampa esploratzen hasi ziren lehenengo konkistatzaileak, Francisco Cesarren agindupean (1528). 1536. urtean, lehenengo abereak eraman zituzten Pedro Mendozak eta bere gizonek, eta ondoren zabaldi osora hedatu zen abere hazkuntza. XVI. mendearen bukaeran osorik esploratu zuen Pampa Hernando Arias de Saavedrak. Espainiarren eta bertakoen arteko harremanen ondorioz abere hazkuntzari ekin zioten hauek eta gautxoak sortu ziren. Halere, Pampako lurraldeko alde handi bat ezin izan zuen gobernuak menderatu, ez espainiarrak eta ez argentinarrak, XIX. mendearen bigarren erdialdea arte. Lurralde honek nekazaritzarako eskaintzen zituen aukerak zirela eta, beren burujabetasuna mantentzen zuten indiar herriak menderatzeko helburua zuen lehenengo espedizioa (José Félix Aldaoren agindupean) antolatu zuten Mendozako eta Buenos Airesko gobernuek. Rosas-en diktadura garaian bete zen helburu hori, gehienbat (1835-1852 urteetan). 1839. urtean Ramírez eta Ramos jeneralek rankel indiar herria garaitu ondoren, indiar guztiak menderatuak izan ziren. 1879. urtean Argentinako gobernuaren eskuetara igaro zen Pampa.