Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Palau

(Izen ofiziala, Palauko Errepublika; palaueraz, Beluu er a Belau). Ozeano Bareko mendebaldeko uharte eta herrialdea, Mikronesiako uharteetan, Ginea Berriaren iparraldean. 487 km2 eta 20.842 biztanle (2005, palauarrak). Hiriburua: Melekeok. Gizatalde nagusiak: palauarrak (% 83,2); filipinarrak (% 9,8). Hizkuntza ofizialak: ingelesa eta palauera. Erlijioak: katolikoak (% 40), protestanteak (% 24), bertako erlijioak (% 27). Dirua: dolarra.  v  Palauko errepublika 8 uharte nagusik eta 250 atoloi baino gehiagok osatua da; uharte handienak Babelthuap, Arakabesan eta Malakal dira. Sumendi uharteak edo koralezkoak dira, eta erdia baino gehiago hutsik daude. Klima ekuatoriala dute, oso beroa eta hezea.  v  Gobernua eta administrazioa. Gaur egungo konstituzioa 1981ean sartu zen indarrean. Konstituzio horren arabera, lehendakaria da estatuko burua eta gobernuburua. Aginpide legegilea Senatuak eta Ordezkarien Ganberak osaturiko Nazio Biltzarraren esku dago.  v  Ekonomia. Ekonomiari dagokionez, ez da herrialde aurreratua, eta Estatu Batuen laguntza tekniko zein ekonomikoaren mende dago. Nekazaritza bertako beharrak asetzera bideratua da; fruta tropikalak lantzen dira batez ere. Arrantza ere egiten da, eta diru asko ateratzen du estatuak atzerriko itsasontziei arrantzarako baimenak saltzetik; dena dela, legez kanpoko arrantza oso zabalduta dago. Turismoa garrantzi handiko jarduera eta atzerriko dibisen iturria da, baina eragozpen handiei aurre egin behar izan die, uharteetara iristeko eragozpenak eta azpiegitura kaskarrak zirela-eta; azken urteetan aurrerapen handiak egin dira, Ozeano Bareko hegazkin bidezko komunikazioaren garapenari esker batez ere.  v  Historia. Palauko uharteak Villalobosek aurkitu zituen 1543. urtean, eta espainiarren esku egon ziren 1899 arte. Espainiarrek alemaniarrei saldu zizkieten ondoren, eta 1914-1944 bitartean Japoniaren mendeko lurralde izan zen. Japoniarrek han ezarri zuten beren itsas base handiena Bigarren Mundu Gerran, eta Estatu Batuek base hura mendean hartu zutelarik, Nazio Batuen Erakundeak Estatu Batuen babespean jarri zuten Palau 1947an. Bigarren Mundu Gerraren amaierarako Palauko bertako biztanleen kopurua 45.000tik 6.000ra murriztu zen. 1978an Palauk uko egin zion Mikronesiako Federazioan sartzeari, eta 1979an konstituzio bat idatzi zen; konstituzio haren arabera arma nuklearrak edo hondakin erradioaktiboen biltegiak ezartzea debekatzen zen, atzerritarrei bertako lurrak erostea eragozten zitzaien, etab. Baina Estatu Batuen presioen ondoren konstituzioan hainbat aldaketa sartu ziren eta Estatu Batuekiko elkartasun askeko hitzarmena onartu zen 1987an. Hurrengo urtean legez kanpo utzi zen konstituzioaren aldaketa, baina azkenean, 1994an onartu zen Estatu Batuekiko hitzarmena. Palau Estatu Batuei elkarturiko estatu burujabe bihurtu zen horrela (Estatu Batuen esku dago Palauko defentsaren ardura). Burujabetasuna lortu ondoren eta 2001. urtea arte, Kuniwo Nakamura da Palauko agintaria. 2000. eta 2004. urteetan Tommy Remengesau hautatu zuten lehendakari.
http://www.palaugov.net/