Paisley, Ian Richard
Ipar Irlandako politikaria eta erlijio gizona (Ballymena, 1926). Eliza presbiteriarreko ministro zen baina eliza horrekin bat ez zetorrela eta, Ipar Irlandako eliza presbiteriar askea sortu zuen 1951. urtean. Ulster eta Britainia Handiaren arteko batasunaren alde agertu zen hasieratik eta oso prediku bortitzak egin zituen katolikoen aurka. Protestante indarkeriazaleen buruzagi zela, Belfasteko legebiltzarrerako hautatu zuten 1970. urtean eta Britainiako legebiltzarrerako handik gutxira. Europako legebiltzarreko diputatua da 1979. urteaz geroztik. 1981. urtean protestanteek osaturiko talde paramilitarra antolatu zuen; Liverpoolgo berritzaile protestanteen elizaren aitzindaria da 1982. urtetik aurrera. Irlandako bake negoziazioak hasi zirenean, Paisley elkarrizketetara gonbidatu zuten (1992), hasieratik izan ziren arazo larriak, ez bakarrik bi komunitateen artean, baina unionisten artean ere. Paisley eta bere taldea ziren unionistetan gogorrenak. Izan ere, bake prozesua erabat ukatzen zuen Paisleyk, Ulsterrari autonomia politiko handia ematea baitzuen oinarrian. 1992ko abenduan Downing Streeteko Deklarazioa, bake akordioaren aurrekoa, kaleratu zenean, Paisleyk britainiar gobernua IRAko hiltzaileekin negoziatu izanaz salatu zuen, eta irlandarren interesei traizioa agiteaz. 1995etik aurrera, bake prozesuak aurrera egin ahala, beti ahalegindu da Paisley prozesu hori oztopatzen eta geldiarazten.
- pairutsu
- pairutsuki
- paisaia
- Paisiello, Giovanni
- Paisij
- Paisley, Ian Richard
- paita
- paitela
- paiute
- Paix, rivière de la
- Pajou, Augustin