Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pahlavi

iz. Persiako erdialdeko hizkuntza nagusia K.o. III-X. mendeen artean. Hizkuntza indo-irandarra zen, persiera zaharraren molde bat, eta ofiziala izan zen sasanien inperioaren garaian (226-652). Pahlavi izeneko alfabeto berezia erabili zuten idazteko. Literatura gehiena erlijiozkoa da (Avesta, Zoroastro liburuak). Arabiar alfabetoz idazten den persiera modernoak hartu zuen pahlavi hizkuntzaren ordea.  v Pahlavi edo pehlevi alfabetoa. Persiarrek K.a. II. mendetik Islama nagusitu zen arte (VII. m.) erabili zuten alfabeto mota. Aramearren alfabetoan oinarritu zen eta hiru molde nagusi izan zituen. Eskuinetik ezkerrera idazten zen eta 19-20 letra erabili bazituzten ere, berrogeita hamar letra molde berezi agertzen dira Avesta edo Zoroastro erlijio liburuetan. Zenbaitetan, jatorrizko forma aramearra gorde zuten pahalavi idazleek adiera bereko baina hots desberdineko hitzak idazterakoan. Honenbestez, arameerazko m-l-k (malka «errege») idazten zuten persierazko sha («errege») adierazteko. Ideograma moduko idazketa forma hauek zirela eta, guztiz zaila bihurtu zitzaien arrotzei pahlavi testuak ulertzea.