Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

pahari

iz. Himalaia aldeko lur behereetan bizi den izen bereko herriko kidea, parbate, khaxa eta txetri ere deitua. Pahari herria jatorri desberdineko arrazaz osatua da (indo-afganiarrak eta tibetarrak nagusiki). Pahari dira Nepalgo biztanleen bi heren eta Indiako Himalaiako biztanle gehienak (Himachal Pradesh eta Uttar Pradesh-ko iparraldea). Hogei milioi lagun inguru dira. Indoeuropar familiako hizkuntza indo-ariar bat hitz egiten dute. Erlijioz hinduak dira gehienak eta gizarte kasta desberdinetan banatzen dira. Nekazaritzari emanak dira gehienak (patata eta arroza nagusiki). Pahari herriak pintura eta poesia landu ditu historian zehar. Poliandria bizirik dago paharien artean.  v Pahari hizkuntza. Himalaiako lur behereetako biztanleen hizkuntza indo-ariarra. Hiru dialekto nagusi bereizten dira: ekialdeko pahari edo nepalera (gurkhali eta khas-kura ere deitua Nepalen mintzatzen dena), erdialdeko pahari (Indiako Uttar Pradesh estatuko iparraldean) eta mendebaleko Pahari (Indiako Himachal Pradesh estatuan). 1769an eraman zuten gurkha konkistatzaileek hizkuntza hura Nepalera eta han hedatu zen bitartean mailegu asko hartu zituen Nepalgo tibetar hizkuntzetatik. Pahari hizkuntzak antz handia du Rajasthan eta Kaxmirko hizkuntzekin.