Pachelbel, Johann
Alemaniar musikagile eta organo-jotzailea (Nurenberg, 1653 - Nurenberg, 1706). Organorako idatzi zituen lanengatik eta J.S. Bachen aurreko belaunaldiko organo-jotzaile ospetsuenetako bat izan zelako da ezaguna batik bat. Pachelbelek organo-jotzaile karguak izan zituen Eisenach-en eta Erfurt-en, eta Stuttgart-en berebiziko arrakasta lortu zuen. 1695. urtean Nurenberg-ko St. Sebaldus elizako organo-jotzaile izendatu zuten eta han iraun zuen hil arte. Bestalde, organo irakasle egon zen eta, besteen artean, Johann Christoph Bach ikasle izan zuen. Organorako idatzi zituen lanetan begi bistakoa da bere garaiko italiar formak ezagutzen zituela. Garrantzi berezia dute korurako idatzi zituen preludioek, haiei esker ipar Alemaniako doinu protestanteak hegoaldeko katolizismoaren lirikotasunaz jazten lagundu baitzuen. Oso ezaguna da Pachekbel-ek Re maiorrean idatzitako Kanon-a, hiru biolinetarako eta baxu etengaberako. Semea ere, Wilhelm Hieronymous, organo-jotzaile eta musikagilea izan zen.