Padilla, Juan de
Espainiar aristokrata, Gaztelako comunero edo komunitatezaleen burua (Toledo, 1484 - Villalar, 1521). 1519an Gaztelako comuneroen alde jarri zen, enperadoreak goi mailako karguetatik baztertu zuela eta. Comuneroen buruzagi nagusi egin zuten; Tordesillasko hiria beretu zuen, baina huts egin zuen Joana erregina matxinatuen alde jartzeko ahaleginetan. Padillaren ostea Villalar-en garaitu zuen inperioko gudarosteak (1521); Padilla preso hartu eta hurrengo egunean hil zuten, Bravo eta Maldonado buruzagiekin batera. Padillaren alargunak borrokari eutsi zion hurrengo hilabeteetan, baina etsi behar izan zuen inperioaren aurrean.