Pacheco, José Emilio
Mexikar poeta, eleberrigile eta kritikaria (Mexiko Hiria, 1939). Bere belaunaldiko Mexikoko idazle nagusia. Kazetaritzako Sari Nazionala irabazi zuen 1980an. Irrealismoaren higikundearen barruan, bere poesia ironikoa da, umore beltzez titakatua. Pachecorentzat, poetak bere garaiari buruz jarrera kritikoa izan behar du, historiaren zentzuaz kezkatzen den metafisiko bat. Bere poesia lanean, aipagarriak dira: Los elementos de la noche (1963, Gauaren elementuak); El reposo del fuego (1966, Suaren atsedena); No me preguntes cómo pasa el tiempo (1969, Ez zaidazu galdetu denbora nola igarotzen den); Irás y no volverás (1973, Joango zara eta ez zara itzuliko); Tarde o temprano (1980, Lehenxeago edo geroxeago); Desde entonces (1981, Orduz geroztik); Los trabajos del mar (1984, Itsasoko lanak); Miro la tierra (1986, Lurrari so nago) eta Ciudad de la memoria (1989, Memoriaren hiria). Narratiban, berriz, hauek ditu ezagunenak: El viento distante (1963, Urrutiko haizea), Morirás lejos (1967, Urruti hilko zara), El principio del placer (1972, Plazerraren hastapena), Las batallas en el desierto (1981, Basamortuko guduak) eta La sangre de Medusa y otros cuentos marginales (1990, Medusaren odola eta beste zenbait ipuin marginal).