Otxandio
Bizkaiko hego-ekialdeko udalerria, Arabarekin muga egiten duena (Durangaldea). Mugak: iparraldean, Abadiño, Dima eta Aramaio (Araba); ekialdean, Aramaio (Araba); mendebalean, Ubide eta Dima; hegoaldean, Legutio (Araba). Garaiera, 549 m. 6,5 km2. 1997ko datuen arabera, 1.018 biztanle (otxandiarrak). Auzo nagusiak: Mekoleta eta Anteparaluzeta. Urkiola ibaia igarotzen da Otxandiotik. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 799 euskaldun, 119 ia-euskaldun eta 117 erdaldun. Industria (makineria, lanabesak, zurgintza, altzarigintza; langileen % 74) da ekonomia jarduera nagusia. Handia da, halaber, bigarren lanbidetzat nekazaritza (bazka landareak, barazkiak, behi eta ardi azienda) duen jendearen kopurua. Aipagarriak dira Santa Marina parrokia eliza (1501 eta 1936. urteetan berreraikia), San Martin ermita zaharra, 1680. urteko Antonio Abad eta Padua santuen ermita, Erremedioetako Ama Birjinaren edo Elizabarri ermita, hilerriari eratxikitako San Roke ermita, XVIII. mendean berritutako udaletxea, Uribarrena eta Etxeberria etxeak eta Garaigordobil baserria. v Historia. 1155. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Otxandioko herria. XIII. mendean jaso zituen hiri-gutuna eta Logroñoko foruen bidez gobernatzeko baimena Lope Diaz Harokoa Bizkaiko jaunaren eskutik. Muga herria izaki, ahaide eta jaun handien arteko gudu ugari izan ziren Otxandioko herriaren inguruetan Erdi Aroan zehar. Galera handiak izan ziren XV eta XVI. mendean gertatu ziren suteen ondorioz.