Otxoa, Julia
Gipuzkoar idazlea (Donostia, 1953). Poesia idazten du gehienbat, nahiz eta literaturgintzaren eta artegintzaren beste alor batzuk ere lantzen dituen, hala nola narrazioa, saiakera eta arte plastikoak. Gazteleraz idazten du, baina bere lan asko –haurrentzako ipuinak, gehienbat– euskaraz argitaratu dira. Bere obra hizkuntza askotara itzuli da, eta sari ugari eskuratu ditu. 1978an argitaratu zituen lehenengo aldiz bere poemak, Composición entre la luz y la sombra liburuan. Orduz geroztik, obra zabala osatu du: Luz del aire (1982, poesia); Cuaderno de Bitácora (1985, poesia, Pasaiako Udalaren Poesia sariaren irabazlea); Antología Poética (1988); Centauro (1989, poesia); Emakume olerkariak - Poetas Vascas (1990, saiakera); Kiskili-Kaskala (1994, ipuinak); Narrativa corta en Euskadi (1994, saiakera); Lucas y el búho (1997, ipuina); Mundua Sagarrean, Bibote batzuen istorioa, Mister Popoffen abestia, Ilargi Amandrearen Ipuinak eta Un león en la cocina ipuinak 1998 eta 1999an; La nieve en los manzanos poesia liburua 2000. urtean… Izan ere, 1994an ekin zion lehenengo aldiz narrazioari, eta 1997an hasi zen haurrentzako ipuinak idazten. Arte plastikoen alorrean, bere collage eta fotomuntaiak maiz erakutsi izan ditu Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, eta ohiko lankide da literatura aldizkari askotan.