Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oteitza

Nafarroako erdialdeko udalerria, Arga eta Ega ibaien bilgunean (Iguzkitzaibar, Lizarrako merindadea). Mugak: iparraldean, Villatuerta; ekialdean, Villatuerta, Mendigorria eta Larraga; mendebalean, Aberin, Morentin, Deikaztelu eta Allo; hegoaldean, Lerin. Garaiera, 510 m. 47,31 km2 eta 970 biztanle (oteitzarrak). Hizkuntza, gaztelania. Euskara XVI. mendean galdu zen. Industria (arte grafikoak, eraikuntza, altzairugintza; langileen % 59,5) eta nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, zerri eta behi azienda; langileen % 20,5) dira ekonomia jarduera nagusiak; dena dela, jende asko Lizarrara joaten da lanera. Aipagarriak dira San Migel Goiaingeruaren eliza (XVII. mendeko kanpandorrea, erretaula nagusi barrokoa), XVI. mendeko Salbatore edo Santa Barbara ermita, XVIII. mendeko udaletxea eta mende bereko etxe armarridunak.  v Historia. 1074. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Oteitzako herria. 1845. urtean bihurtu zen udalerri.