Oteiza Enbil, Jorge
Gipuzkoar eskultorea eta idazlea (Orio, 1908 - Donostia, 2003). Eduardo Chillidarekin batera, XX. mendeko euskal eskultorerik garrantzitsuena da, eta bere itzala mundu guztira zabaldu da, XX. mendeko bigarren erdiko abangoardia artistikoetan izan baitu eragina, baita Euskal Herritik kanpo ere, esperimentazioarekin eta arteak gizartea eraldatzeko duen ahalmenarekin erabat konprometitutako sortzaile gisa. Madrilen medikuntza ikasketak hasi zituen. Hirugarren ikasturtean ikasketa haiek utzi eta Arte eta Ofiziotako eskolan izena eman zuen. 1928an hasi zen eskultura egiten. Eragin handia izan zuten Oteizarengan Europako abangoardiek, Hego Ameriketako Kolon aurreko eskulturak, eta Alberto Sánchez, Epstein, Brancusi eta gisako eskultoreek. Donostiako Bi Urteroko lehen saria jaso zuen 1931n eta 1933an. 1934an erakusketa berezi bat egin zuen Donostian, Nikolas Lekuonarekin eta Narkis Balenziagarekin batera. Hasiera haietakoa da Adan eta Eva izeneko eskultura. 1935ean Hego Ameriketara joan zen Narkis Balenziagarekin batera. Buenos Airesen, Santiagon eta Bogotan bizi izan zen 1935-1948 urte bitartean. Ameriketan egin zituen hasierako lanak figuratiboak izan ziren, lehenagokoen ildotik, baina 1940. urte inguruan abstrakziora jo zuen, eta erpinez beherako piramidea hartu zuen bere lanetarako oinarri. Bere orduko lanetan Henry Moore-ren eragina nabarmena da. Hitzaldi eta artikulu ugari idatzi zuen garai hartan (Carta a los artistas de América sobre el arte nuevo en la postguerra; Estética objetiva; Génesis del arte nuevo). 1948an Euskal Herrira itzuli zen, eta bertan hasi zen Oteizaren garairik emankorrena. Espazioari buruzko gogoetan oinarritu zuen bere lana: bolumenaren eta espazioaren arteko analisia irudi karratuen eta esferen bidez; espazioaren hustuketari buruzko ikerketa. 1950ean, Arantzazuko basilika berriaren eskultura lanak egiteko lehiaketa irabazi zuen. Eraikuntza hartan artista lagun izan zituen Sáenz de Oiza, Basterretxea, Carlos Pascual de Lara (eta berau hil ondoren, Lucio Muñoz) eta J. de Eulate. Basilikaren sarrera gaineko frisoa egin behar zuen Oteizak; baina, obrak hasi eta handik urte betera, dena bertan behera uzteko agindua etorri zen Vatikanotik, estetika profanoa eta heterodoxoa zelako aitzakian. 1968 arte ezin izan zuen bere obra nagusi hura bukatu. Ordurako irabaziak zituen, hala ere, hainbat sari, besteak beste: Arkitekturako Sari Nazionala (1954), eta Sao Pauloko IV Bi Urteroko saria (1957). Urte hartan bertan, Agiñako mendilepoan ipini zuen Aita Donostiri egindako eskultura lana, harrespilez eta trikuharriz betetako ingurune baten erdian. 1959an eskultura uzteko asmoa agertu zuen, errepikaziotan ez jarduteagatik. Urte hartatik aurrera idazten eta kulturaren beste alor batzuk lantzen hasi zen: arkeologia, hizkuntzalaritza, historiaurrea, etab. 1963an, Quosque Tandem liburua argitaratu zuen, euskal arima ulertzeko saioa. Liburu horrek bere biziko eragina izan zuen euskal artearen, literaturaren eta soziologiaren alorretan. Liburu horren haritik etorri zen Ejercicios espirituales en un túnel izenekoa ere. 1988an, Oteizaren erakusketa antologiko nagusia egin zen Madrilen eta Bilbon, eta haren katalogo nagusia argitaratu zen: Oteiza. Propósito experimental. Urte hartan bertan, Asturiasko Printze saria eman zioten; eta hori zela eta, Cartas al Príncipe izeneko liburua argitaratu zuen. 1990an, poema liburu bat: Existe Dios al Noroeste eta 1992an Elegía a Itziar poema liburua. Oteizaren eskultura lan nagusi batzuk: Maternidad, Monumento al prisionero político desconocido, La tierra y la luna, Andra Mari, Poliedro vacío, Malevitch-i omenaldia, desocupación de la esfera, Estela a Madoz, Irten ezin, Kaxa hustuak, Kaxa metafisikoak, Mallarmé-ri omenaldia, Retrato de un gudari armado llamado Odiseo. v 1960. urtean, egungo artearen desagerpena aldarrikatzeaz gainera, eskultura uztera zihoala esan zuen arren, Oteizak ez du bere hitza erabat bete, eta azken urteotan haren eskultura zenbait kokatu dira Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, kasu askotan lehendik zirriborratuta edo zeuden eskulturen bertsio monumentalak, baita obra originalak ere. Urteetan aurrera joan arren, eta osasun arazoak izanda ere, Oteizaren indarra ez da itzali, eta azken urteotan maiz gainbegiratu du bere eskulturen instalazioa, eta lanean ere jarraitu du, eskultura berriak sortzen, marrazkiak egiten eta idazten. Omenaldi eta esker oneko adierazpenak ere asko jaso ditu. Nafarroako Foru Erkidegoak, esaterako, Nafarroako Urrezko Domina eman zion 1992an, eta 1997an bere aitaren jaioterria den Azkoitiak herriko seme kuttun izendatu zuen. 1999an Zarautzek Urrezko Domina eta herriko adiskide onenari emandako aipamena eman zion. 1997an Euskaldun Unibertsal saria eman ondoren, Eusko Jaurlaritzak Lan Onari saria eman zion 2000. urtean, eta baita Eduardo Chillidari ere, bi sortzaile handiok bizitza osoan zehar egindako lana eskertu asmoz. Aipagarria da, bestalde, urteetako liskarrak bertan behera utzi zituztela 1997an Eduardo Chillidaren Zabalaga baserrian Chillidak eta Oteizak, besarkada baten bidez hainbat urteko gorabeherak alboratuz. v Oteizak lan berri ugari jarri ditu ikusgai 90eko hamarkadan zehar. Iruñeko kaleetan, besteak beste, Oteizaren sei eskultura kokatu ziren 1993tik 2000. urtea bitartean. Jorge Oteiza Fundazioa, Nafarroako Gobernua, Iruñeko udala eta hainbat enpresa eta finantza erakunderen arteko elkarlanari esker osatu zen ekimen bat 1993an jarri zen abian Odiseo obrarekin, eta horren ondoren etorri ziren Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean kokatutako Homenaje a Saénz de Oiza, Yamaguchi parkeko Monumento espiritual, 1999ko Unidad triple y liviana eta Coreano, eta, azkenik, 2000. urteko martxoan inauguratu zen Homenaje al espíritu, Iturrama auzoan kokatutako 5 metro luze eta 1,5 metro zabaleko zutabea. 1997an Itziar lana jarri zuen Zumarragan; 1998an, Ordizian, Conjunción ternaria izenekoa, gaztetan lagun izan zuen Nikolas Lekuonari eta ETAk hildako Yoyes etakide ohiari eginiko omenaldi moduan; 1999an, Eibarren, Daniel Txopitea artegile zenduari eskainia; urtea berean, maiatzean, Jesús de Galíndezen omenetan eginiko eskultura ere jarri zuen Gasteizen, hiriko udalak aginduta, eta ekainean bere aitaren jaioterrian, Azkoitian, Batarrabi obra ezarri zuen, 675 urtean Azkotia egin dutenei eskainia. 1999ko ekainean jarri zuen halaber aspaldi honetan bizileku duen Zarautzen Bertsolaritzari Omenaldia eskultura San Pelayo auzoan, eta urte hartako irailean aurkeztu zen Jorge Oteizak oraingoz Donostian duen eskultura bakarra: alde zaharreko San Bizente parrokiko atari nagusian dagoen Pietà, Oteizaren maketan oinarrituta J.R. Anda eskultoreak aluminioz egina. Azken urteotan, bestalde, Bartzelonan eta Terrassan ere kokatu dituzte Oteizaren eskultura berriak; azken egitasmoen artean, Debako (Gipuzkoa) Itziarren kokatzekoa duen eskultura aipa daiteke. v Erakusketak ere ugari eskaini zaizkio Oteizari azken urteotan. 1988. urtean Madrilen, Bartzelonan eta Bilbon ikusi ahal izan zen Oteiza, propósito experimental erakusketa antologikoaren ondoren, aipagarria da 1996an Oteiza eta arkitekturaren arteko harremana landu zuen erakusketa ibiltaria. 2000. urtean ere Jorge Oteizari buruzko erakusketa garrantzitsu ugari egin ziren, eduki guztiz berezikoak horietako hainbat. Martxoan, esaterako, Oteizaren ekarpen artistikoa eta filosofikoa uztartzen zituen erakusketa bat eratu zen Logroñon, eta maiatzean Oteiza y el espacialismo erakusketa inauguratu zen Iruñean, eskultore gipuzkoarrak 50eko hamarkadaren azken urteetan eginiko 30 eskultura biltzen zituena. 2000. urteko urrian, Alacanten, Oteiza: Paisajes y dimensiones erakusketa eratu ondoren, azaroan erakusketa guztiz bitxi bat inauguratu zuen Oteizak berak Orion, bere jaioterrian: Oteiza, marrazkiak, estanpak eta hitzak. Guztira 50 bat marrazki eta estanpa biltzen zituen, kasu askotan Oteizaren testuez lagunduak, azken urte eta hilabeteetan egindako hainbat lan barne; ondoren Valladoliden erakutsi zen erakusketa hau. 2000. urteko abenduan, berriz, Donostiako Kursaal Jauregian inauguratu zen erakustareto berriak Oteizari buruzko erakusketa zabala aukeratu zuen estreinako saiorako. 88 eskultura eta Alzuzako Klarion Laborategian eginiko 230 pieza –klarionez eginiko marrazkiak, alegia– bildu zituen erakusketa hark, eta, hala, 1936an lehen erakusketa egiteko aukera eman zion Kursaalera itzuli zen Oteiza. 2001. urteko maiatzean, bestalde, horietako hainbat klarion eta Oteizaren 50eko eta 70eko hamarkadetako 40 eskultura erakutsi ziren Espacialato izenpean, baita bi lan sortu berri ere: Púlpito y memoria eta Oración lunar. v Oteizaren itzala dela eta, bere bizitzari eta lanari buruzko liburu eta azterlan ugari eman dira argitara azken urteotan mundu osoan. Bere zuzeneko eskuhartzea dela eta, aipagarriak dira 1999an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean Oteizari eskainitako jardunaldi batzuetan aurkeztu ziren hiru liburu: Oteizaren poemez osatutako Cansado y giratorio; Carlos Aurtenetxe poeta donostiarraren poemak eta Oteizaren marrazki originalek osatzen zuten Jorge Oteiza, la piedra acontecida, eta Félix Marañak paratutako Jorge Oteiza, elogio del descontento, Oteiza ezagutzeko obra egokia, kronika, artikulu eta elkarrizketa bidez Oteizaren ibilbide pertsonal eta artistikoa biltzen dituena. Helburu berberaz, Jorge Oteiza Museoa Fundazioak, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Jorge Oteiza, creador integral liburua aurkeztu zuten 2000. urtean. Liburua lau urte lehenago eginiko hitzaldi sorta batean oinarritzen zen, eta bertan hainbat kritikari, artista eta Oteizaren lagunek eskultore gipuzkoarri eta bere obrari buruz dituzten ikuspegiak biltzen dira. v 70eko hamarkadaz geroztik, Nafarroako Eguesibarren dagoen Alzuzan aurkitu zuen Oteizak lanerako eta atsedenerako leku egokia, eta bertan egonaldi eta lanaldi luzeak egin zituen bere emaztearekin batera. Han bertan hil zen, hain zuzen ere, Jorge Oteizaren bizitzan berebiziko garrantzia izan duen Itziar Carreño 1991n. Denboraldi luzean oso harreman txarrak izan zituen Oteizak EAEko agintari eta erakundeekin, eta, hortaz, gero eta denbora gehiago ematen zuen Nafarroan, 1992an bere obra guztia Nafarroako herriaren esku uztea erabaki zuen arte. Adierazia zuen ordurako bere etxean museo antzeko bat sortzea gogoko zuela, eta 1988an lehen hitzarmen bat ere bazen sinatua Alzuzako Kontzejuaren eta Nafarroako Gobernuaren artean, Oteizari eskainitako museo bat eraikitzeko bertan. Oteizak 1992an hartutako erabakiak dimentsio berria eman zion egitasmoari, eta horren ondorioz helburua ere zabaldu egin zen: museoaz gainera, Fundazio bat sortuko zen, Oteizaren ondare guztia –artelanak zein material teoriko eta bibliografikoa– sailkatzeko, gordetzeko, aztertzeko eta zabaltzeko, eta haurren prestakuntza estetikoa zein hizkuntza artistikoen eta euskararen ikerketarako zentro bat sortzeko, besteak beste. Fundazioaren estatutuak 1996an onartu ziren, 1993koak ez baitzituen Oteizak ontzat hartu. Akordioan aipatzen zen puntuetako bat zen Museoaren eta Fundazioaren egoitza izango zena Javier Sáenz de Oiza arkitektoak –Oteizaren adiskide eta lankide izandakoak– egingo zuela. Sáenz de Oiza 2000. urtean hil zen, lana amaitu gabe, baina esan daiteke Altzuzako Oteiza Museo-Fundazioa izan dela bere hilondoko obra. Besteak beste, 2001erako sailkatuta zeuden 1.662 eskultura, Klarion Laborategiko 2.138 maketa, 700 marrazki, 4.000 liburu –Oteizak eginiko oharrez aberastuak asko eta asko–, eta 2.425 eskutitz.
- ote 2
- Otegi Mondragon, Arnaldo
- Oteitza
- Oteitza
- Oteitza-Berriobeiti
- Oteiza Enbil, Jorge
- Oteiza
- oteketa
- oteme
- Oteo
- Otero Muñoz, Blas de