Otaño Egino, Nemesio
Gipuzkoar musikagilea eta musikalaria (Azkoitia, 1880 - Donostia, 1956). 14 urte besterik ez zituenean eman zituen argitara pianorako lehen bi lanak: Letanías eta Zortziko bat. Jesusen Konpainian sartu zen 1896. urtean. 1903. urtean Valladoliden zen eta garai hartan hasi zen musika eta folklorea sakonean aztertzen. 1907. urtean Valladoliden ospatu zen Erlijiozko Musikako Lehen Kongresua antolatu eta bideratu zuen. Garai hartarako 50 erlijio lan inguru idatziak zituen. Revista Sacro Hispana aldizkari bihurtuko zen Boletín Diocesano de Música agerkaria sortu zuen. Comillasen jarri zen bizitzen 1912. urtean eta Schola Cantorum abesbatza osatu eta zuzendu zuen bertako Unibertsitatean. Donostian bizi izan zen 1922-1931 urteetan eta Centro Cultural Femenino, Círculo de Caballeros eta San Inazio eskola sortu zituen, egoitza horietan kontzertuak antolatzen zituela. Euskal Suite bat eta La montaña, La molinera, Cantantibus Organis, Canción del carretero eta Basa txoritxu abesbatzetarako obrak idatzi zituen urte haietan. Madrilgo Kontserbatorioko folklore irakasle izendatu zuten 1940. urtean eta San Fernandoko Arte Ederretako Akademiko 1943an. Harena da, halaber, Marcha de San Ignacio lana.