ostadar
iz. Zeruan, euria egitean edo egin ondoren Eguzkiaren aurrez aurreko aldean gertatzen den uztai argitsua, zazpi kolorez osatua, ortzadarra. v Fis. Ostadarrean ikus daitezkeen koloreak euri-tantetan (baita laino edo olatuen apar tantetan ere) eguzkiaren argiak izaten duen errefrakzioz eta barne islaz sortzen dira. Koloreak espektroan duen uhin luzeraren arabera zerrendetan ordenatuak agertzen dira. Bi uztai argitsu gertatzen dira: barnealdekoa eta kanpoaldekoa. Barnealdean ikusten denak biziki argitzen du eta uztai primario deritza; 42° inguruko angelu erradiala izaten du eta kanpoaldetik barnealdera gorri, laranja, hori, berde, urdin, anil, eta more koloreko zazpi zerrenda izaten ditu. Kanpoaldekoak, berriz, argitasun ahulagoa du eta uztai sekundario deritzo; haren erradio-angeluak 50° izaten ditu gutxi gorabehera, eta koloreak alderantzizko ordenan izaten ditu.