ortodoxo
izond. Erlijio bateko dogmaren eta doktrinaren araberakoa. ◊ Zernahi joeratan edo alorretan ortodoxiarekin bat datorrena. || Kristau elizez mintzatuz, XI. mendean Erromatik bereizi ziren Sortaldeko elizen doktrinakoa; eliza horiei dagokiena. v Eliza ortodoxoa. Erromako elizatik bereizirik dagoen eliza bizantziarra. Hasieran behin behineko bereizketa izan zuen kristautasunak, Focioren zismaren eraginez, IX. mendearen bigarren erdialdean. Bereizketa hori 1054an behin betikoa izan zen, Migel Zerulario aitagoienaren garaian. Erromako elizatik urruntzea, Konstantinoplako Aitagoienaren eta Erromako Aita Santuaren arteko iskanbilen ondorioa izan zen. Bereizketaren ondoren egin diren biltzeko ahaleginek porrot egin dute behin eta berriro, Vatikano II.a kontzilioan nolabaiteko hurbilketa izan bazen ere. Hasieran, eliza ortodoxo guztiak Konstantinoplako Aitagoienaren agindupean zeuden, baina, 1448an Errusiako eliza bereizi egin zen, eta XIX. eta XX. mendean gauza bera egin zuten Greziakoak, Errumaniakoak, Serbiakoak eta Bulgariakoak. Egungo eliza ortodoxoak autonomoak dira, eta Konstantinoplako Aitagoienaren aginpidea ohorezkoa da soilik.