Ortiz de Zárate, Ramón
Arabar idazlea, legegizona, hizlaria eta euskaltzalea (Arriola, Asparren, 1817 - Gasteiz, 1883). Gasteizen egin zituen zuzenbide ikasketak. Arabako kontseilari izendatu zuten 1845. urtean eta Gasteizko udaletxeko prokuradore sindiko nagusia 1848an. Consejos al pueblo vascongado argitaratzen hasi zen Arabako tradizioak jendaurrean ezagutarazteko asmoz. Jarrera ezin hobea aurkitu zuen argitalpen horrek Ortiz de Zárateren herkideen aldetik, baina foruen aldeko idatziok kontserbadoreen eta Madrilgo Gobernu Zentralaren haserrea piztu eta argitalpenak erretiratzeko agindua eman zioten. Halere ez zuen etsi, eta euskal foruen eta interesen alde egin zuen El Boletín del Comercio Bilboko aldizkarian hasi zen idazten. 1858. urtean Gorteetako diputatu hautatu zuten, eta 1861ean Arabako diputatu nagusi izendatu zuen Herrialdeko Batzordeak. 1867. urtean El Fuerista egunkaria sortu zuen. Arabako matxinada karlistaren ondorioz 1873. urtearen hasieran Frantziara erbesteratu zen eta Karlos erregegaiaren mendeko jarri zen. 1874. urtean Oñatiko Epaitegi Goreneko lehendakari izendatu zuten. Gerraren amaieran (1876), foruak indargabetu zituztenean, haien defentsan hasi zen berriro ere, eta diputatu hautatua izan ondoren, Madrila jo zuen baina Gorteetan zela ezagutza galdu zuen eta Gasteiza itzuli behar izan zuen. Handik gutxira hil zen, 66 urte zituela. Lan ugari idatzi idatzi zituen, lege eta historia gaien ingurukoak.