Ortiz Echagüe, Antonio
Euskal margolaria (Guadalajara, 1883 - Buenos Aires, 1942). XX. mendearen hasieran sortu zen euskal ohiturazko gaien pintore taldeko (Zuloaga, Salaberria, Zubiaurre) kidea izan zen. Italian, Frantzian, Holandan, Marokon, Estatu Batuetan eta Argentinan bizi izan zen bertako ohiturak eta ezaugarriak koadroetara eramateko asmoz. Ignacio Díaz Olano eta Léon Bonnat margolari handien ikaslea izan zen, eta nazioarteko sari ugari jaso zituen. Lan nagusiak: La misa de Narvaja, Las planchadoras, Fiesta de la cofradía de Atzara, La Sra. Jansen y sus amigas, Jacobo Van Amstel en mi casa, Tipos sardos eta Modelo sentada. Donostian, Madrilen, Sevillan, Jaenen, Parisen eta Argentinako museo garrantzitsuenetan daude ikusgai Antonio Ortizen koadrorik aipagarrienak.