Ortega Saavedra, Daniel
Nikaraguar politikaria (Leon, 1948). Ikasle zela Somoza diktadorearen kontra borrokatzen zen FSLN (Frente Sandinista de Liberación Nacional) erakundean sartu zen. Kartzelan zazpi urte igaro ondoren (1967-74), higikunde sandinistaren buruzagi nagusi bihurtu zen. Sandinistek Somoza diktadorea aginpidetik kentzea lortu zutenean, Gobernu batzordeko kide (1979-1985) eta koordinatzaile (1981-85) aukeratu zuten. FSLN-ak 1984ko azaroko hauteskundeak irabazi ondoren Errepublikako lehendakari izan zen (1985). 1990eko hauteskundeetan gobernuaren kontrako talde guztiek osatutako koalizioa atera zen garaile eta Violeta Chamorrok hartu zuen Daniel Ortegaren lekua.