Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Orozko

Bizkaiko hegoaldeko udalerria (Arratia). Mugak: iparraldean, Arakaldo, Arrankudiaga eta Zeberio; ekialdean, Zeberio, Areatza, Zeanuri eta Arteaga; mendebalean, Arabako herrialdea; hegoaldean, Gorbeia mendialdeaz gaindi, Arabako herrialdea. Garaiera, 159 m. 102,42 km2. 1997ko datuen arabera, 1.943 biztanle (orozkoarrak). Herrigune hauek osatua da Orozkoko udalerria: Albizu-Elexaga, Arbaitza, Bengoetxea, Gallartu, Ibarra, Murueta, Orozko (herriburua), San Martin, Urigoiti, Zaloa eta Zubiaur. Oso eskualde menditsuan dago Orozko. Gailur nagusiak hegoaldean (Gorbeiako mendialdean) daude: Gorbeia (1.475 m), Illunbe (982 m), Arna (1.232 m), Anekogarri (1.017 m), Ubixeta (1.106 m), Beluzaran (1.028 m) eta Kolometa (1.001 m). Udalerriaren iparraldeko mendiak apalagoak dira eta Gorostola izan ezik (834 m) gainerakoak ez dira 800 m-ra iristen. Aipagarriak dira , halaber mendebaleko Itxina mendialdeko gailurrak: Lekanda (1.302 m), Igalirrintza (1.296 m), Altipitax (1.164 m), Gorosteta (1.256 m) eta Axkorrigan (1.068 m). Kantauri aldeko isuria dute udalerritik igarotzen diren erreka gehienak (Arnauri, Altube), Padrubaso erreka izan ezik. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 1.180 euskaldun, 364 ia-euskaldun eta 307 erdaldun. Laborantza (artoa, patata, barazkiak) eta abere hazkuntza (behi, ardi eta zerri azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Dena dela langile ugari Laudio, Ugao eta Arakaldoko industrietara joaten da langile eta bigarren lanbide ditu baserriko lanak. Arteari dagokionez, aipagarriak dira Orozkoko XIII. mendeko jatorria duen San Joan Bataiatzailearen parrokia, Muruetako San Pedro parrokia, Olarteko San Bartolome parrokia, Urigoitiko San Lorentzo parrokia eta Zaloako Andra Maria eliza.  v Historia. Bizkaiko Jaurerriaren barruan izan zen Orozko, 973. urtean Aiarako Jaunen mende geratu zen arte. 1785. urtean Bizkaiko Jaunaren agindupean zegoen berriro ere. Orozkon eraikiriko dorretxeek (Anuntzibai, Torrelanda, Errotaetxe…) argi erakusten dute Orozkoko udalerria osatzen duten herriguneen Erdi Aroko jatorria. Lau setio garrantzitsu jasan behar izan zuten orozkoarrek XII-XIII. mendeetan.