Orozco, José Clemente
Mexikoko margolaria (Ciudad Guzman, 1883 - Mexiko, 1949). Agronomia ikasketak egin eta arkitekturakoak hasi zituen; margolari izatea erabaki zuen eta San Carlosko akademian egin zituen arte ikasketak. 1910ean Mexikoko artearen erakusketa handian parte hartu zuen. 1915ean emagalduei buruzko erakusketa bat egin zuen, Casa de lágrimas (Malkozko etxea) izenekoa. Iraultza bitartean karikaturak egin zituen Vanguardia aldizkarian. 1921ean Arte Iraultzailearen Manifestua izenpetu zuen Riverarekin eta Siqueirosekin batera. 1922an margolarien eta eskultoreen sindikatuko kide egin zen; urte hartan bertan gobernuak Prestakuntzarako Eskola Nazionaleko hormetan margolanak egitea eskatu zion. 1927tik 1932 arte Europan ibili zen eta Europako arte abangoardia ezagutu zuen. 1930etik aurrera Mexikoko iraultzari buruzko koadroak margotu zituen New Yorken eta hormetako margoak egin zituen Kalifornian, New Hampshiren eta New Yorken. 1936tik 1939 arte Guadalajarako unibertsitateko, Gobernuaren Jauregiko eta Hospicio Cabañas kaperako freskoak egin zituen; 1940ean Julipaneko liburutegia apaindu zuen eta Mexikoko Auzitegi Gorenaren Egoitzako freskoak pintatu zituen. Ondoren, zazpi urtez, koadro txikiak egin zituen, erretratuak, batez ere. Orozcoren lana berritzailea izan zen, joera espresionistakoa eta zapalduenganako atxikimendua adierazten duena.
- orotariko
- orots
- Orotz-Betelu
- Orotz-Betelu
- Oroz Arizcuren, Patxi
- Orozco, José Clemente
- Orozketa
- Orozko
- orpo
- Orradre
- Orratx! Kultur Elkartea