Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Orotz-Betelu

Nafarroako ipar-erdialdeko udalerria (Zangozako merindadea). Oroz-Betelu du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Garralda; ekialdean, Garaioa; mendebal eta hegoaldean, Artzi. Garaiera, 610 m. 24 km2. 1999ko datuen arabera, 228 (orozbeteluarrak). Orotz-Betelu eta Olaldea auzoek osatua da. Irati ibaiak igarotzen du udalerria. Euskara, goi-nafarrera; Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Industria (altzarigintza, industria kimikoa, janari industria; langileen % 65) eta nekazaritza (garia, garagarra, patata, ardi eta behi azienda; langileen % 15) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira jatorri erromanikoko San Andres parrokia eliza (XVI eta XX. mendeetan zaharberritua), Ama Birjina Mirariegilearen ermita eta XVI. mendeko etxeak.  v Historia. Artzibarrekin elkartua egon zen 1845. urtean udalerri bihurtu zen arte. XIX. mendearen bukaerako baso ustiapenak eta papergintzak Orotz-Beteluko biztanle hazkundeari lagundu zioten, eta 800 biztanle izateraino iritsi zen XX. mendeko lehen 20 urteetan. Harrezkero eta, batez ere 1950. urteetatik aurrera, etengabea izan da biztanle galera.