ornodun
izond. eta iz. Ornoak dituena, hezurtzaz hornitua. v Animalia ornodunak. Bizkarrezurra (edo orno-hezurra) duten animaliak dira ornodunak. Kordadunen phylum-ean sartzen dira. Hezurdura horretan, garrantzirik handiena duten atalak burezurra eta bizkarrezurra dira. Bizkarrezurrean giltzatzen dira gainerako hezurrak. Hezurren barrutik (orno muinetik) bideratzen da nerbio sistemaren ardatz nagusia, eta giharrak ere hari itsatsiak daude. Ornodun gehienek alde banatarako, eskuin-ezkerrerako simetrian, antolatua dute gorputza. Bihotzak eta odol hodiek (arteriek eta zainek) osatzen dute ornodunen zirkulazio sistema. Sistema itxia da. Arnasketa biriken bidez egiten dute lurreko ornodunek; anfibioek, berriz, birikak garatu gabeak dituztenez, azalaz baliatzen dira arnasketa bideratzeko. Digestioa ahotik uzkiraino luzatzen den hodi-kate baten bidez egiten dute. Ornodun gehienak sexu banakoak dira, eta arraren ugal-aparatuan sortzen den haziaz emearen obulua ernalduz ugaltzen dira. Obulu edo arrautza hori ernaldu eta umea jaio bitarteko prozesua emearen obulutegian gertatzen da zenbait ornodunetan (ugaztunetan); beste zenbaitetan, berriz, arrautzaren barnean (obiparoetan), eta beste batzuk aurreko bi sistemez baliatzen dira (biziernalkariak). Ornodunen artean klase hauek sartzen dira: agnatoak, plakodermoak, kondroiktioak, arrain hezurdunak, ur-lehortarrak (anfibioak), narrastiak, hegaztiak eta ugaztunak.