Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

orkestra

iz. Mus. Hainbat musika tresna mota jotzen dituzten musika jotzaileen taldea. Orkestra handia, txikia. Hirurogei kideko orkestra. Ganbera orkestra.  v  Orkestra mota bat baino gehiago dago. Hala, orkestra sinfonikoa ehun musikalari inguruz osatua dago eta lau sailetan banatzen da: harizko tresnak, haize eta zurezkoak, metalezkoak eta perkusiozkoak; kamerako orkestra berriz sinfonikoa baino murritzagoa da: 25 musikalari inguru izaten ditu, eta gehienetan harizko musika tresnez osatua da. Orkestra mendeetan zehar aldatu da. XVII. mendean harizko taldeak ziren nagusi, eta noizean behin haizezko musika tresnak ere erabiltzen ziren. XVIII. mendean orkestra modernoaren oinarriak ezarri ziren; hauek ziren tresnak: haizezkoak (flautak, oboeak eta baxuak); metalezkoak (tronpak eta tronpetak); perkusiozkoak (bi tinbal); eta harizkoak (lehen eta bigarren biolinak, biolak, txeloak eta kontrabaxuak). Klarineteak ere sartu ziren, baina pixkana orkestraren oinarri izandako musika tresnak, klabea eta lauta, adibidez, bertan behera utzi ziren. XIX. mendea oparoa izan zen orkestrarentzat; haizezko eta metalezko musika tresnak ugaldu ziren. Berlioz, Wagner, Rimski-Korsakov, eta XX. mendean, R. Strauss, Mahler eta Stravinski musikagileek orkestra molde berriak sortu zituzten, neurriz eta tonu baliabideen aldetik guztiz berriak. 1920. urtetik aurrera ordea, musikagile askok kamerako orkestraren neurriko multzoentzako idaztera jo dute berriz ere.