Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ourense

Galiziako hiria, izen bereko probintziako hiriburua; 75 km2; 98.649 biztanle (1984). Miño ibaiaren haranean dago. Ourenseko parte zaharra Miño ibaiaren ezkerreko ertzean eta Barbaña ibaiaren eskubiko ertzean dago, katedralaren eta plaza nagusiaren inguruan. Hiria XX. mendearen hasieran zabaldu zen iparralderantz, Miño ibaiaren eskuineko ertzean, eta sartalderantz, Barbaña ibaiaren ezkerreko ertzean. Aipagarria da katedrala, erromanikoa, eta elementu gotikoak ere badituena.  v Ekonomia. Merkataritza da hiriko ekonomia jarduera nagusia. Industriak ez du garrantzi handirik; industria aipagarrienak: elikagaiak, nekazaritzarako gaiak, zurgintza, papergintza, irarkolak, eraikuntza, metalurgia, ehungintza. Garrantzi handiko burdinbidegunea da.  v Historia. Hiriaren jatorria ez da ezagutzen. Erromatarren garaian garrantzi handiko bainu-etxe bat zegoen. V. mendean sueboek beretu zuten, eta Galiziako erresumako hiriburu izan zen. VIII. mendean musulmanek hiria inbaditu eta suntsitu zuten. 878an Alfontso III.ak biztanleak eraman zituen; X. mendean normandiarrek (970) eta arabiarrek (997) suntsitu zuten. 1071ean Antso II.ak hiria berriro eraiki eta jendeztatu zuen. Elizaren jaurreri izan zen, eta XIV. eta XV. mendeetan askotan matxinatu zen herria apezpikuen aurka. Berant Erdi Aroan garrantzi handiko merkataritzagunea izan zen. Gero behera egin zuen XVII. mendea arte. XIX. mendean Villacastinetik Vigorako errepidea eta burdinbidea eraikitzeak ekonomiaren indartzea eta biztanleriaren ugaltzea ekarri zuen. Espainiako Independentzia gerran ourensetarrak frantsesen aurka matxinatu ziren. 1936ko Espainiako Gerra Zibilean hiria Francoren aldekoen mende geratu zen.