Ourense
Galiziako barealdeko probintzia; 7.278 km2 eta 429.382 biztanle (1986). Hiriburua, Ourense. Mugak: iparraldean, Pontevedra, Lugo eta Leon; sortaldean Leon eta Zamora; sartaldean, Pontevedra eta Portugal; hegoaldean, Portugal. Udalerri nagusiak: Allariz, Carballiño, Cartelle, Celanova, Nogueira, O Barco, Ribadavia, Verin, Xinzo de Limia. v Orografia eta klima. Galiziako eskualde menditsuena da; mendi garaienak: Cabeza de Manzaneda, Seixo, Laboreiro eta Piedra Fachada mendikateak. Haran nagusiak: A Limia, Monterrei, O Bolo, Valdeorras. Ibaiak: Miño, Limia, Sil, Duero. Klima epela da, eta euri asko egiten du. Landaretza: haritza, gaztaina, pinua, eukaliptua. v Ekonomia. Nekazaritza da alor nagusia: zekalea, artoa, patata, mahastiak (Ribeiro ardoa); fruituak: sagarrak, gereziak eta udareak. Abere hazkuntza: behiak, zerriak, ardiak. Industria: argi-indarra, meategiak (eztainua, burdina). v Historia. K.o. II. mendean erromatarrek beretu zuten; garai hartan egin ziren galtzadak eta sortu zen Ourense hiria. 886an Alfon tso III.a erregeak lurraldea jendeztatu zuen. XIX. eta XX. mendean biztanleria ugaldu zen eta komunikabideak hobetu ziren, baina ia industrializaziorik izan ez zenez jende askok kanpora joan behar izan zuen lan bila.