Orendain
Gipuzkoako erdialdeko udalerria (Tolosaldea). Mugak: iparraldean, Ikaztegieta eta Alegia; ekialdean, Alegia eta Amezketa; mendebalean, Ikaztegieta, Legorreta eta Baliarrain; hegoaldean, Amezketa, Abaltzisketa eta Gaintza. Garaiera, 329 m. 5,95 km2. 2008ko datuen arabera, 180 biztanle. Euskara, gipuzkera; euskaldunak % 100. Laborantza (barazkiak, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (behi eta ardi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Dena dela langile ugari joaten da Tolosa eta inguruko herrietako lantegietara eta bigarren lanbide ditu baserriko lanak. Arteari dagokionez, aipagarriak dira XVI. mendeko Ama Birjinaren Jasokunde eliza gotikoa, 1734ko San Sebastian ermita eta XVIII. mendeko udaletxe neoklasikoa. v Historia. 1374. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Orendain, Tolosarekin bat egin zuenean hain zuzen. 1615. urtean jaso zuen hiri-gutuna Filipe III.a Espainiako erregearen eskutik. Iruerrietako udalerria osatu zuen Ikaztegieta eta Baliarraingo herriekin batean 1968-1988 bitarteko urteetan.