ordoki
iz. Eremu laua, berdina; zabaldia. || Laua, berdina. v Geogr. Ordokiak lurrazaleko eremu lauak dira, eta modu askotan era daitezke: haizearen, uraren eta izotzaren higalanaren ondorioz, lurpeko indarren eraginez, laba lurrazalean pilatzean, hormategiak urtzean, aintzirak agortzean eta itsasoa atzeratzean, besteak beste. Ordoki gehienak higaduraren ondorioz sortuak dira; hala, haizeak eta, batez ere, urak edo izotzak mendiak higatu eta horietatik ateratzen dituzten materialak sakonuneetan jalkitzen dituzte, harik eta denboraren poderioz, jalkinek sakonunea berdindu eta eremu laua eratzen den arte. Hala eratua da Kanadako hego-ekialdeko ezkutua, adibidez. Beste ordoki batzuk lurpeko indarren ondorioz sortuak dira; lurpeko indarrek goitik behera bultzaturik, zenbaitetan lur azpiko geruza gotorrak altxatzen dira lur gainera, eta eremu lauak eratzen dituzte mendien artean; hala sortuak dira, esaterako, Estatu Batuetako Coloradoko ordokia edo Espainiako Meseta. Lurpeko indarren ondorioz sortuak dira, halaber, horst izeneko ordokiak, faila inguruetan edo lurrazala hondoratzen den tokietan sortzen direnak. Beste ordoki batzuk, lurpeko magma kanporatu eta laba lurrazalean pilatzean sortu dira; adibidez, Brasilgo hegoaldeko ordokia edo Cumberland-Snake-koa, Estatu Batuetan. Beste ordoki mota bat antzinako glaziazioen ondorio da; hala, antzina hormategia izan zen tokietan lurra berdindu zen eta hura urtzean, eremu laua geratu da. Ibaiek ere sortzen dituzte ordokiak: ibaia handitzen denean, ubidearen ertzak eta hondoa higatzen du eta atzeratzen denean, ordoki edo haran zabal bat uzten du, buztina eta material finez estalita. Beste ordoki asko, Europako iparraldekoak eta Ipar Ameriketako ipar-ekialdekoak, adibidez, itsasoa atzeratzean sortuak dira. Basamortuak, hala harrizkoak nola hareazkoak, haizearen higalanak sortutako ordokiak edo eremuak dira. Ordokiek, orotara, lurrazalaren heren bat hartzen dute, eta Antartikan izan ezik, kontinente guztietan daude.