Ordizia
Gipuzkoako erdi-hegoaldeko udalerria (Goierri). Mugak: iparraldean, Itsasondo eta Beasain; ekialdean, Itsasondo, Arama eta Zaldibia; mendebalean, Beasain; hegoaldean, Lazkao. Garaiera, 155 m. 5,7 km2. 1997ko datuen arabera, 9.092 biztanle (1.797,6 biztanle km2-ko, Gipuzkoako biztanle dentsitaterik handienetakoa) (ordiziarrak). Oria ibaiak hego-mendebaletik ipar-ekialderantz igarotzen du Ordiziako udalerria. 1.000 metrotara iristen ez diren mendiez inguratuta dago Ordizia, eta ipar-mendebalean daude gailur nagusiak: Murumendi (848 m), Odeta-Goeña (784 m) eta Paola (734). Euskara, gipuzkera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Industria (metalurgia, papergintza, zurgintza, janari industria, ehungintza, eraikuntza) eta zerbitzuak (dendak, eskolak, banketxeak, oinarrizko zerbitzuak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Beasaingo industrialdearen parte da Ordizia. Arteari dagokionez, aipagarriak dira XVII. mendearen bukaerako Ama Birjinaren Jasokunde parrokia eliza (XIII-XIV. mendeko tenplu baten gainean eraikia), XIX. mendearen hasierako udaletxea, Zabala jauregia, Ibarbia jauregia, XVIII. mendeko Barrenetxea jauregia, Lazkibar eta Balda. v Historia. Alfontso X.a Jakitunak, Gaztela eta Leongo erregeak, sortu omen zuen Ordizia 1256. urtean. Gasteizko foruen bidez gobernatzeko baimena jaso zuen 1268. urtean errege horren eskutik. Aldameneko herriek, inguruan zebiltzan lapur eta gaizkileengandik babestu nahian, Ordiziako hiriarekin bat egitea eskatu zuten hiriak zeuzkan abantailez baliatzeko. 1399. urtean onartu zuen Ordiziko hiriak Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia eta Lazkaoko zenbait etxek eginiko eskaera. Herrien elkarteak 200 urte baino gehiago iraun zuen, 1615. urtean bereizi ziren arte. 1644. urtean Beasainekin egin zuen bat Ordiziako hiriak Batzar Nagusietara ordezkari bakar bat bidaltzearren. Hurrengo urteetan Arama, Zaldibia eta Ataun lotu bazitzaizkien ere, XIX. mendearen hasieratik nork bere ordezkaria bidaltzea erabaki zuten. Sute handiak jasan zituen XVIII. mendean zehar Ordiziako herriak (1738, 1751, 1794); kaltegarriena, baina, 1512. urtekoa izan zen. XX. mendean zehar etengabeko demografia hazkundea gertatu da Ordizian, 30-40. urteetan salbu, industrializazioari esker: 1.421 biztanle 1900. urtean, 3.059 biztanle 1920an, 4.335 biztanle 1940an, 6.800 biztanle 1960an, 10.327 biztanle 1975ean eta 9.948 biztanle 1986.urtean. 2008an, ordea, 9.758 biztanle zituen.