Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Orange

Frantziako hegoekialdeko hiria, Vaucluseko departamenduan. 27.502 biztanle (1982). Ekonomia jarduera nagusiak ehungintza, zapatagintza, buztingintza eta janari industria dira.  v  Artea. Erromatarren garaian Arausio izena zuen. Badira garrantzi handiko oroitarri eta monumentuak: antzokiaren atzeko horma, Tiberioren garaiko arkua, Augustoren irudia. Aipagarria da XIII. mendeko katedrala, XV. mendean berriztatua.  v Orangeko etxea. Frantziako printzeen dinastia, izena Erdi Aroko Proventzan zegoen Orange printzerritik datorkiona. Herbeheretako historian izan zuen eraginik handiena. Orange-ko jaunak Garmaniako Erromatar Inperioko enperadoreen mendekoak izan ziren XII. mendeaz geroztik, eta inguru horretan hasi ziren printze titulua erabiltzen. XVI. mendean Nassau alemaniar printze familiarekin ezkontza bidez elkartu ziren Orangetarrak eta Herbeheretako historian parte hartzen hasi ziren. 1544an Nassauko konde Gilen I.a Orangeko printze ere izan zen. XVI. mendetik XVIII. mendea arte, Orangeko printze eta Nassauko konde zirenak Holandako agintari izan ziren. 1814an Herbeheretako printze egin zuten Orangeko Gilen I.a, eta bera eta ondorengoak Luxenburgoko duke handiak ere izan ziren. 1890ean Gilen III.a semerik gabe hil zen, baina Gilermina printzesak iraunarazi zuen handik aurrera Orange-Nassau titulua.  v Orangeko konderria eta printzerria. Frantziako hegoaldeko jaurerria, Orangeko hiria eta inguruko lurraldeak hartzen zituena. Hainbat familiaren eskuetan egon zen, eta XIII. mendean lortu zuen printzerri maila. Nassauko Mauriziok, Orangeko printzeak, gotortu egin zuen hiria, baina Luis XIV.ak bereganatu egin zuen 1660an. Lurraldea Frantziaren eskuetan geratu bazen ere, Nassauko familiak jarraitu zuen Orangeko printzea tituluarekin.