Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

opio

iz. Lo belarraren buruetatik ateratzen den esne modukoa, sorgortzaile gisa erbiltzen dena.  v  Opioa antzinatik erabilitako droga da, droga (opioaren erretzaileak) nahiz botika gisa. Opioaren eragina dosiaren araberakoa da: dosi txikietan bihotz eta burmuinaren pizgarri da; dosi handixeagotan miasia, logalea sortzen du, odol hodiak zabaltzen ditu eta mugimenduak makaltzen; dosi handietan, berriz, goralarria eta arnasketaren eta zirkulazioaren makaltzea. Opioaren eratorriak naturalak (morfina, kodeina, tebaina, narkotina eta papaberina), sintesi bidez lortutakoak (fenantrenikoak edo metadonak, fenilpiperidinak eta fenazozinak bezala fenantrenorik ez duten beste gai batzuk) edo erdisintetikoak (heroina, kodetilina, homokodeina eta abar) izan daitezke.  v Opioaren gerrak. 1839-1842 urteetan Britainia Handia eta Txina elkarren aurka jarri zituen lehen gatazkak. Txinatar gobernuak ingelesek egiten zuten opio kontrabandoa eragozteko neurriak hartu zituen, eta Ingalaterrak armez erantzutea erabaki zuen. Gatazka 1842. urtean bukatu zen, Nanking-eko erabakia izenpetu ondoren. Erabaki haren bitartez, beste zenbait neurriren artean, Txinak Ingalaterraren esku utzi zuen Hong Kong hiria eta beste portu batzuk zabaldu zizkion Europako merkataritzari; bestalde, % 5eko beherapena ezarri zuen aduana eskubideetan.  v  1856-1860 urteetan ingelesek eta frantsesek Txinaren kontra egindako gerrari bigarren opio gerra deitu zitzaion. Bigarren aldi hartan frantsesek eta ingelesek frantses misiolari baten hilketa hartu zuten aitzakia Txinan zituzten merkataritza eskubideak zabaltzeko. 1860. urtean txinatarrek Pekingo Hitzarmena izenpetu zuten, 1858. urtean ingelesek eta frantsesek behartuta Tientsin-go erabakia beteko zutela adierazteko. Opio merkataritza legezko bihurtu zen, baimena eman zitzaien arrotzei eta misiolariei Txina barruan ibiltzeko, eta portu gehiago zabaldu ziren kanpo merkataritzarako.