Olmo, Lauro
Galiziar idazlea (Valdeorras, Ourense, 1922 - Madril, 1994). Bere lehen lanarekin, Doce cuentos y uno más (1956, Hamabi ipuin eta bat gehiago) Leopoldo Alas literatura saria irabazi zuen. Bi urte geroago finalista izan zen Nadal sari ospetsuan, Ayer, 27 de octubre (Atzo, urriak 27) obrarekin. Liburu horretan bere obaren ildo nagusia zein izango zen erakutsi zuen: jende pobrearen esperantzarik eta etorkizunik gabeko bizitzaren salaketa eta kritika. La camisa (1962, Alkandora) antzerki lanaren estreinaldiak Espainiako antzerki sozialaren sorrera markatu zuen, eta Espainiako gizartea literaturaren bidez aldarazi nahi izan zuen idazle belaunaldi baten akuilu gertatu zen. Obrak sari asko asko irabazi zituen: Antzerki Sari Nazionala, Valle-Inclán saria, eta Espainiako Errege Akademiarena, besteak beste. Beste lan aipagarri batzuk: La pechuga de la sardina (1963, Sardinaren bularra); El cuerpo (1966, Gorputza); El cuarto poder (1963-1967, Laugarren boterea, lau pieza laburrez osatua); Pablo Iglesias (1984) eta abar. Aipagarriak dira, halaber, El gran sapo (1963, Apo handia) eleberria, eta haurrentzat idatzitakoen artean, La maquinita que no quería pitar (1973, Txistu jo nahi ez zuen makina txikia), Asamblea general (1981, Biltzar nagusia) eta La muñeca abandonada (1969, Abandonatutako panpina).