Oloritz
Nafarroako erdialdeko udalerria (Erriberriko merindadea). Olóriz du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Elo; ekialdean, Leotz; mendebalean, Untzue eta Barasoain; hegoaldean, Garinoain eta Orisoain. Garaiera, 611 m. 40,08 km2. 1999ko datuen arabera, 179 biztanle (oloriztarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Etxague, Mendibil, Oloritz (herriburua) eta Soltxaga. Udalerriaren ekialdetik Zidakos ibaia igarotzen da. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Euskara XIX. mendean galdu zen. Laborantza (garia, garagarra, mahatsa, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (ardi eta behi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak (langileen % 61). Aipagarriak dira XIII. mendeko San Bartolome eliza gotikoa, San Pedro ad Vincula ermita eta XVI. mendeko Cabo de armería jauregia, Bariaingo Santa Barbara parrokia, Etxagueko Ama Birjinaren Jasokunde parrokia (XVIII. m.), XII. mendearen bukaerako Ama Birjina Arrazubiko ermita gotikoa eta XII. mendeko San Pedro parrokia. v Historia. 1264. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Oloritzko herria. 1846. urtean bihurtu zen udalerri.