Olav
Norvegiako bost erregeren izena. v Olav I.a Tryggvesson. Norvegiako erregea (964 inguruan - Svolder, 1000 inguruan). 995etik 1000. urtea bitartean izan zen errege. Errusian bizi izan zen eta bikingoen buruzagi izan zen Ingalaterra, Frantzia eta Irlandako kostaldean egin zituzten erasoetan. 995. urtean Norvegiako Haakon erregea bere kargutik bota eta bera jarri zen errege. Kristau egin zen eta kristautasuna sartu zuen Norvegian, Islandian eta Groenlandian. Daniarren eta suediarren kontra borrokan ari zela hil zen. v Olav II.a Haraldsson, santua. Norvegiako erregea (995 - Stiklestad, 1030). 1015etik 1030 arte izan zen errege. Kanuto handiak aginpidetik kendu zuen, eta kargua berreskuratzeko borrokan ari zela hil zen. Norvegiako nazio heroitzat hartu izan da. Jaieguna, uztailaren 29a. v Olav III.a Kyrre. Norvegiako erregea (1093an hila). 1066tik 1093ra arte izan zen errege. Harald III. Hardrade bere aitaren ondoan borrokatu zen Ingalaterran, eta bakarrik aita hil ondoren. Magnus II.a anaiarekin batera egon zen aginpidean 1069 arte. Norvegiako errege ospetsuenetako bat da; haren agintaldian bake giroa izan zen nagusi eta Norvegian aginpidean gehien iraun duten erregeetakoa izan zen. v Olav IV.a Magnusson. Norvegiako erregea, Magnus II.aren sasiko semea (1100 - 1115). Evystein eta Sigurd bere anaiekin batera izan zen errege (1103-1115), baina Norvegiako erregeen zerrenda batzuetan ez da agertzen. v Olav V.a. Haakon VII.aren semea (Kopenhage, 1903). Bere aitaren ordezkoa izan zen zenbait alditan. Bigarren Mundu Gerran Norvegiako osteen buruzagi izan zen eta errege izendatu aurreko bi urteetan (1956-57) aginpidean izan zen printze gisa.