Olabide Carrera, Raimundo
Arabar idazlea eta itzultzailea (Gasteiz, 1869 - Okzitaniako Tolosa, 1942). Jesusen Lagundikoa. Urduñan egin zituen lehen ikasketak, eta Loiolan, Veruelan eta Tortosan egin zituen eliz ikasketak eta Filosofia eta Letretakoak. Valladoliden, Salamancan, Oñan eta Gijonen egon zen irakasle. Salamancan zela, Campión-en gramatika irakurri zuen eta 27 urte zituela hasi zen euskara ikasten. 1914an San Inazioren Gogo-jardunak itzuli zituen Loyola’tar Eneko Deunaren Gogo-iñarkunak izenburupean. Handik hiru urtera Giza-soña izeneko obra idatzi zuen, gorputz atalak izendatzeko hiztegi osoa. Euskaltzaindia eratu zenetik euskaltzain osoa izan zen. Kempisa itzuli zuen (1920, Kisto’ren antz-bidea) eta Giza-gogoa izeneko obrarekin hasita zegoenean, lana bertan behera utzi eta Biblia osoa itzultzeko asmoarekin hasi zen, 1921ean. Handik hamar urtera Itun Berriaren itzulpena agertu zen. Jesuitak Espainiatik bidali zituztenean Arantzazura joan zen, eta lau bat urte egin zituen han Itun Zaharra itzultzen. Ondoren Gernikara joan eta han harrapatu zuen Gerra Zibilak. Gernikako bonbardaketan bertan zegoen, baina eskuizkribua ezkutatu egin zuen. Urte hartan Okzitaniako Tolosara erbesteratu zen, eta han hil zen handik bost urtera kaleko istripu batean. 1958an osorik argitaratu zen Itun Zar eta Berria, Patxi Etxeberria jesuitaren ardurapean. Olabidek ongi ezagutzen zuen Azkueren hiztegia, eta garbizalekeriaren eragina nabarmen ageri da beraren obran. v Jokin Zaitegik Olabideren aditz formak aztertu zituen Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu zen lan aipagarri batean: Adizki Berankoiak Olabide’ren Itun Berria’n (1958).
- Olaberria Uliondo, Ildefonso
- Olaberria
- Olaberria
- Olaberrieta
- Olabezahar
- Olabide Carrera, Raimundo
- Olaechea Loizaga, Marcelino
- Olaeta
- Olaeta
- Olaetxea, Bartolome
- Olaf