Olaberria Dorronsoro, Leire
Gipuzkoar txirrindularia (Ikaztegieta, 1977). Pistako txirrindularitzan aritzen da. Txirrindularitzan berandu hasi bazen ere, aurretik atletismoan jardun baitzuen zenbait urtez, emaitza bikainak lortu ditu oso denbora gutxian. 2004an, urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina bana irabazi zituen Espainiako Pista Txapelketan. 2005ean, urrezko hiru domina eta zilarrezko bi Espainiako Txapelketan; Europako Txapelketan hamaikagarren egin zuen. 2006an, urrezko bi domina eta zilarrezko beste bi Espainiako Txapelketan; Munduko Kopako azken sailkapen orokorrean hamabosgarren geratu zen; hogeigarren Munduko Txapelketan (Bordele), eta bederatzigarren Europako Txapelketan (Atenas). 2007an, hamaikagarren izan zen Munduko Koparen azken sailkapenean, bosgarren Munduko Txapelketan, eta laugarren Europako Txapelketan; gainera, urrezko hiru domina eta zilarrezko bat irabazi zituen Espainiako Txapelketan, eta Espainiako errekorra lortu zuen 3 kilometroko jazarpen proban eta 500 metrokoan. 2008an, bosgarren izan zen Munduko Kopako sailkapen orokorrean, eta laugarren munduko Txapelketan (Manchester); urrezko lau domina irabazi zituen Espainiako Txapelketan, eta urrezko domina Pekingo 2008ko Olinpiar Jokoetan; laugarren izan zen Europako Txapelketan (Polonia), eta Espainiako errekorra lortu zuen 3 kilometroko jazarpen-proban (Manchester). 2008ko Kirolari Onenaren Euskadi Saria jaso zuen, Richar Oribe igerilariarekin batera.
- Olabarrieta
- Olabe
- Olabe
- Olabeaga Aldanondo, Iñaki
- Olaberri
- Olaberria Dorronsoro, Leire
- Olaberria Uliondo, Ildefonso
- Olaberria
- Olaberria
- Olaberrieta
- Olabezahar