Okri, Ben
Nigeriar idazlea (Minna, 1959). Literaturako ikasketak egin zituen, Ingalaterran, Essexeko Unibertsitatean. Ordurako bazeramatzan urte batzuk idazten, eta eleberri bat argitaratua zuen: Loreak eta itzalak (1980). Essexen igaro zituen hiru urteetan bigarren eleberria argitaratu zuen: Barne paisaiak (1982). 1984-1985 bitartean, BBC Worl Servicen lan egin zuen, esatari gisa, Network Africa izeneko saioan. Bien bitartean, West Africa aldizkariaren poesia atalaren arduradun izan zen (1980-1987). Istiluak santutegian (1987) kontakizun bildumak kritikaren interesa piztu zuen. 1988an beste kontakizun bilduma bat argitaratu zuen, Etxeratze aginduko izarrak. Obra honetan, bere beste gehienetan bezala, afrikar mistizismoaren eta mendebaldeko bizitza modernoaren arteko halako sintesi bat lortzen saiatu zen Okri. Hirugarren eleberriak –Afrikako espiritu-haurrei buruzko kontakizun poetikoa– nazioarteko kritikaren onespena jaso zuen: Errepide gosetua (1991). Aurrerago, poema magikoei buruzko liburu bat idatzi zuen: Elegia afrikarra (1992). 1995ean Jainkoak harrituz argitaratu zuen, sufrimenduari, botereari eta famari buruzko alegia bat.