Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oko

Nafarroako udalerria, Lokiz mendilerroaren oinetan (Egaibar eskualdea, Lizarrako merindadea). Oco du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Murieta; ekialdean; Abaigar eta Olexoa; mendebalean, Legaria; hegoaldean, Etaiu. Garaiera, 502 m. 3,38 km2. 1999ko datuen arabera, 83 biztanle (okoarrak). Ega ibaia igarotzen da Okoko udalerriaren iparraldetik. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Euskara XVII-XVIII. mendeetan galdu zen. Laborantza (garia, garagarra, artoa) eta abere hazkuntza (zerri eta ardi azienda) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak (langileen % 54). Arteari dagokionez, aipagarriak dira XIII. mendearen hasierako San Millan parrokia eliza erromaniko-gotikoa (XVI. mendean eraberritua), bertan gordetzen den XIV. mendeko Ama Birjinaren irudi gotikoa eta XVI. mendeko etxe armarridunak.  v Historia. 1250. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Okoko herria. 1846. urtean bihurtu zen udalerri.