Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oklahoma

Estatu Batuetako estatua. 181.089 km2 eta 3.272.000 biztanle (1987). Hiriburua: Oklahoma City. Mugak: iparraldean, Kansas; ekialdean, Missouri eta Arkansas; mendebalean, Nuevo Mexiko eta Colorado; hegoaldean, Texas. Klima lehorra da eta erliebea laua. Ibai asko igarotzen dira handik: Arkansas eta Canadian River dira nagusiak; hegoaldean, berriz, Red ibaia, Texasekin muga egiten duena. Nekazaritza, meatzaritza, finantzak eta industria dira ekonomia jarduera nagusiak. Lur higatu lehorra bada ere, laboreak (artoa eta, batez ere, garia) eta kotoia lantzen dira; abeltzaintzak ere garrantzi handia du. Lurpetik, berriz, kobrea, zilarra, zinka, harrikatza, eta, batez ere, gasa eta petrolioa ateratzen dira. Petrolioaren ustiaketan oinarriturik, Oklahoma garrantzi handiko finantzagune bihurtu da. Era berean, industria asko sortu dira hango energia iturri oparoei esker: findegiak, hegazkingintza, ehundegiak, kimika eta mekanika industriak, besteak beste.