Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oiartzun

Gipuzkoako ipar-ekialdeko udalerria eta harana (Donostialdea). Mugak: iparraldean, Irun eta Lezo; ekialdean, Lesaka eta Irun; mendebalean, Errenteria eta Goizueta (Nafarroa); hegoaldean, Goizueta (Nafarroa). Garaiera, 82 m. 60 km2. 1997ko datuen arabera, 8.999 biztanle. Herrigune hauek osatua da Oiartzungo udalerria: Altzibar, Karrika, Arditurri, Arragua, Elizalde, Ergoien, Iturriotz eta Ugaldetxo. Oiartzun ibaia igarotzen da udalerritik hegoaldetik iparralderantz. Euskara: goi-nafarrera (Gipuzkoakoa); euskaldunak, % 85. Industria (metalurgia, zurgintza, plastikoak, marmolak; langileen % 60) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, biltegi handiak; langileen % 11,50) dira ekonomia jarduera nagusiak. Dena dela, Oiartzungo jende asko Donostia eta Errenteriara joaten da lanera. Arteari dagokionez, aipagarriak dira Elizaldeko San Esteban parrokia eliza bisigotikoa jatorrian baina gotikoa XV. mendeaz gero, XVI. mendeko San Joan erietxea, XVII. mendeko udaletxe arkupeduna, Erriberane-Ibargain jauregia, Arizmendi Enea-Urdiñola jauregia, Arpidenia etxea, Iturriozko XIV-XV. mendeetako dorretxea, Garbuno etxea eta Makutso etxe gotikoa, Ergoiengo jauregia eta Pagoaga dorretxea, Karrikako Bidasoro dorretxe gotikoa eta Ozentzio baserria eta izen bereko ermita.  v Historia. Historiaurreko monumentu ugari dira Oiartzunen, harrespilak bereziki. Baskoien gunea zen erromatarrak bertaratu zirenean (K.a. II. m.) eta han egon ziren Oiasso hiriko meatze garrantzitsuenak (Arriturriko edo Arditurriko meak, beruna eta zilarra). Oiartzungo gunea itsasoraino luzatzen zen, gaur egungo Pasaiako porturaino, eta huraxe erabili zuten erromatarrek mea bideratzeko. Nolanahi ere, azkenaldi honetako aurkikundeek erakusten dutenez, badirudi Oiasso-ko hiria eta portu nagusiak Bidasoa ibaiaren bokalean, gaur egungo Irungo hirian, zeudela. Oiartzun aldean amaitzen zen Tarraco-Pompaelo-Oiasso galtzada erromatarra. III. mendean hasi zen kolonia erromatar honen gainbehera eta hurrengo mendeetan Oiartzun izan zen hirigune nagusia Gipuzkoako ipar-ekialdeko mutur horretan. IX. mendetik XIII. mendearen hasiera arte Iruñeko errege nafarrei loturik egon zen eta gaztelu ugari eraiki ziren bere lurretan mende haietan, Feloagako gotorlekua nagusi (Arkaleko haitzak, Irungo mugatik hurbil). 1200. urtean Gipuzkoa barnean eta Gaztelako koroaren mendean geratu zen Oiartzun eta urte horietan jaso zuen Oiartzungo haranak udal gisa jarduteko eskubidea. 1320-1340 urtean bereizi zen Oreretako lekua Villanueva de Oiarso izeneko errege hiria eratzeko (egungo Errenteria) eta hiri berri haren mendeko geratu zen egungo Oiartzun. 1338an foru berezia eman zien Gaztelako erregeak hango eta Irungo meatzari eta oletako langileei, kanpokoei eta gaizkinei aurre egiteko, Nafarroako eta Lapurdiko mugan baitzeuden. 1453an lortu zuten oiartzuarrek independentzia, eta liskar urte latzak bizi izan zituzten bi herrietako biztanleek hurrengo urteetan. 1494an zehaztu ziren Oiartzun eta Errenteria arteko mugak eta 1508an hartu zuen parte Oiartzungo udalak lehenengoz Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hurrengo mendeetan Gipuzkoako herri garrantzitsuenetakoa izan zen Oiartzun. 1794an, Konbentzioko gerraren garaian, frantses osteek eraso egin zioten herriari. XIX. mendean karlistek eta liberalek gutiziaturiko hiria izan zen eta 1936ko Gerra Zibilean harana etengabeko erasopean ezarri zuten karlistek, uztailean bereganatu zuten arte.